01 JUIL. 2016 IKUSMIRA «Kontuz ibili» Maider Eizmendi Kazetaria Parranda beteko sasoian sartua dagoen neska gazte baten amarekin hizketan nengoen orain egun gutxi. Batetik bestera joateko gazteak duen grinaz ari zen, ezertxo ere ez «galtzea» bilakatu zaio antza uda honetan helburua. Uste dut bioi egin zigula oroimenak atzera; izan ere, zeinek ez du bizi izan gutxienez halako uda bat? Segidan akordatu nintzen unibertsitatera joan aurreko hilabeteez. Aprobetxatzearen aprobetxatzeaz etxeko hormak gainera erortzeko beldur handirik gabe pasatu nuen uda. Parean ama hura serio; irribarre arrasto bat ere ezpainera ekarri gabe. Jai eremuetan hark ez ditu urteak joanda ere ahaztu ezin diren oroitzapenak ikusten; arriskua baino ez du irudikatzen orain. Bere garaian, «sanoagoak» omen ziren parrandak eta egun berriz, gutxien esperotakoan edarian ezer bota eta edozer egingo dizuten arriskua omen dago. Aldatu ez dena, etxetik irten eta parranda bidean jarri aurretik entzun behar zen «kontuz ibili» hori da. Orduan, gainera, ez genuen poltsikoan telefonorik eta parrandatik bueltan etxeratzen ikusten gintuzten arte bake-bakean ibiltzen ginen; aske-aske, zentzu horretan behintzat. Gaur, bati baino gehiagori entzun diot gauean zehar pare bat mezu bidali behar izaten dituela etxera gurasoek ondo dagoela jakiteko. Ez nau beldurrak arduratzen, hura bizitzeko eta, batez ere, espresatzeko moduak baizik; entzuten direnak entzunda beldurra sentitzea parrandan aske-aske ibiltzeko nahia bezain arrunta da. Neskei zaintzeko eskatzen zaigu eta horrek zuzenago edota zeharka gure gogo eta gorputzak mugatzen ditu.