02 JUIL. 2016 HAUR LITERATURA Ama lurraren defentsan Xabier ETXANIZ ERLE Bitxiak izan ohi dira bildumez kanpo aurkezten diren liburuak; dendara joan, edo liburutegira eta apaletan sailik ez duten ale arraroak, ezberdinak. Arrazoi ugari egon daitezke hori horrela izateko, eta horietako bat liburua argitaletxe batek baino elkarte batek edo banakako batek egin izana izan ohi da. Eta horixe gertatzen zaio liburu honi. La Fertilidad de la Tierra Ediciones argitaletxeak plazaratu du “Cuentos para cuidar la Tierra” izan nahi duen sailean. Argi dago argitaletxea ez dela ohiko etxe komertziala, eta bildumaren izenak berak ere argi iradokitzen du liburuak literaturatik baino izan dezakeela –gehiago edo gutxiago– heziketatik. Eta horrelaxe da, Peru da liburu honetako protagonista eta mutiko irudimentsu honek egun batean etxetik alde egin, magiaz heldu bilakatu eta bidaia bat egingo du Lurrean zehar. Airez, itsasoz eta espazioan ere ibiliko da Peru. Bidaia horretan kutsadura, animalien hondamendia, pertsonen migrazio behartuak eta hamaika kontu gehiago ikusiko ditu: «Bere gorputza pertsona helduarena bada ere, barruan dauden pentsamendu eta sentimenduek ume batenak izaten jarraitzen dute. Nola arindu pertsonen mina, nola lagundu haur eta aitona-amona babesgabeak?». Kezka horri erantzuten bizi berri bat planteatzen digu Peruk. Liburuan literaturako elementu ugari erabiltzen dira, kontakizuna ipuin baten moduan planteatuta dago, pertsonaia haur bat da irakurlearekin identifikazio estuagoa lortzearren, abentura moduan planteatzen da Peruren ibilaldia, elementu fantastikoak daude: «Gaua heltzean, beldurtu ordez, zerura begiratzen du, izar iheskor batek ortzia gurutzatzen duen unean bertan. Amak irakatsi bezala, Peruk desira bat eskatzen du: ‘Oso nagusia izan eta mundua ezagutu nahi dut’. Sorginkeriaz, bere nahia betetzen da». Baina, era berean, liburua oso modu edo tonu neutroan idatzita dago, garrantzitsuena transmititu nahi den mezua da, Lurraren defentsa, eta ez hainbeste defentsa hori, kontakizun hori nola transmititzen den. Beraz, ipuin moduan kontaturiko mezu baten aurrean geundeke; helburua heztea, kontzientziatzea, eta ez hainbeste ondo pasatzea duen istorio baten bidez; are gehiago, batzuetan moralizatzaileegiak edo argiegiak diren mezuen bidez: «Peruk hainbat zoologiko ikusi ditu eta helburu berri bat hartu du: kaiolan bizi den animaliarik ez dadila egon munduan. Mugetako alanbre-hesi erraldoiak ere bota nahi ditu eta pertsona gaixo guztiak ondo zainduta egotea, inork goserik ez pasatzea…» edo «Besarkada bat da haur eta heldu guztiek behar dutena, besarkada bat delako munduan egin ditzakegun gauza on guztien hasiera. Dena besarkadak eman eta jasotzearekin hasten da». Alde horretatik “Peruren bidaia” lan hau interesgarria izan daiteke ekologia eta ama lurraren defentsa bezalako mezuak landu nahi direnean haurrekin, eta eskertzekoa da hori egiteko egin duten apustua irudi bizien bidez eta narrazio entretenigarri bat erabiliz. Edozein modutan, beste garai batean Teo edo Ibai bildumako lanek edo antzeko liburuek bete zuten funtzioa bezala, lan honek balio du ekologiaren alde, hondamendien kontra, haurren artean natura maitatzen jarraitzeko.