05 JUIL. 2016 sokatira Gaztedik 600eko txapela lortzeko urrats garrantzitsua egin du Jon LEUNDA Gaztedik eman du 600eko txapela eskuratzeko pauso garrantzitsua, bigarren jardunaldian nagusi izan baita, eta orain puntu bateko aldea ateratzen dio Goiherri A taldeari. Laukizko eta Erandioko lehen taldeak jaun eta jabe dira Euskal Herrian, eta txapela euren artean ibiliko da, nahiz eta elkarrekiko aldeak oso txikiak diren edo alderik ez izan. Aipaturiko bi taldeek mendean hartu zituzten gainerako guztiak, eta euren arteko deman, oraingoan Gaztedik irabazi egin zituen bi tiraldiak. Horrek sailkapeneko lehen postua eman zien Laukizkoei, eta Erandiokoek bigarren postuarekin konformatu behar izan zuten. Hirugarren posturako ere emozioa handitu egin da, Gaztedi B eta Goiherri B berdinduta geratu baitira sailkapen nagusian. Oraingoan Erandiokoen bigarren taldeak eskuratu du postu hori, aurreko biekin galdu eta gainerakoak mendean hartuta. Laukizkoen bigarren taldea izan da laugarrena, Gaztedi C, Mutriku eta Akelarre mendean hartu eta gainerakoekin galduta. Bosgarren postuan ere berdinduta geratu dira sailkapen nagusian Mutriku eta Akelarre. Oraingoan gipuzkoarrek eskuratu dute bosgarren postua Akelarre eta Gaztedi C menderatuta, eta Akelarrek seigarrena eskuratu du Gaztedi C taldeari irabazita. Laukizko hirugarren taldeak itxi du sailkapena, tiraldi guztiak galduta. Ondorioz, azkeneko jardunaldirako emozioa gainezka izango da, postu guztiak erabakitzeko baitaude, azkenekoa kenduta; hori Gaztedi C taldearentzat izango da. Datorren asteburuko jardunaldian erabaki beharko dira postuak.