15 JUIL. 2016 Bertsolaritza gizateriaren ondare? Betetzen ote ditu bertsolaritzak gizateriaren ondare immaterialen zerrendan sartzeko baldintzak? Gai horren bueltan bildu zituen atzo «Europa bat-batean» kongresuak Andoni Egaña Mintzolako kidea, Joxean Muñoz Lakuako Kultura sailburuordea eta Begoña Guzman Unescoko ordezkaria. Izendapenak bertsolaritzari emango liokeen babesaz jardun ziren, «baina, ematen ez diguten artean, orain arte bezala zainduko dugu», ziurtatu zuen Egañak. Dernière mise à jour : 15 JUIL. 2016 - 07:44h Amalur ARTOLA DONOSTIA Nazioarteari begira jarri zen atzo Donostian garatzen ari den “Europa bat-batean” kantu inprobisatuaren gaineko kongresua. Goizeko lehen saioan, Joxean Muñoz Lakuako Kultura sailburuordea, Andoni Egaña Mintzolako kidea eta Begoña Guzman Unesco-ko ordezkaria bertsolaritzak gizateriaren ondare izendatua izateko izan ditzakeen aukerez jardun ziren. Muñoz izan zen hitza hartzen lehena eta, ondare kontzeptuaren gainean luze eta zabal jardun ostean, ondare immaterialari zentzua ematen diona «komunitate bizia» dela esan zuen, «erabili egiten dutelako adierazpide hori». Zentzu horretan, bertsolaritzaren inguruko komunitatea pentsatu eta eratzeko modua «eredugarria» izan dela nabarmendu zuen. Gaian sartuta, gizateriaren ondare izendatua izateko hiru bide daudela azaldu zuen: berehalako babes neurrien premia izatea, kultura jakin baten elementu «benetan adierazgarria» izatea edota Unescok zerrendatzen dituen «praktika egokiekin» bat egitea. «Bertsolaritzak hirugarren horretatik luke sarbidea, inprobisazioa munduan herrialde askotan dagoen fenomenoa baita eta bertsolaritzak bizi jarraitzea lortu du; hori ez da bakarrik etortzen, eraiki egiten da. Komunitatea biziaraztea eta dinamiko bilakatzea lortu da, baita egungo gizartera egokitzea eta hedabide eta hezkuntza sistema formal eta ez-formalera iristea. Bertsolaritzak badu praktika egokien alor horretatik sartzerik, munduari zerbait konta diezaiokeelako». Bertsolaritza bizi-bizi mantentzen lan egiten duen eragileetariko bat da Mintzola fundazioa. Egañak gogora ekarri nahi izan zuen orain bi hamarkada sortutako fundazio honen helburua bertsolaritzaren trasmisioa, hedapena eta ikerketa sustatzea dela, eta egun hiru lan arlo nagusi dituela: ikerkuntza, nazioartea eta “etxe-ataria”. Lehenari dagokionez, bertsolaritzak mundu akademikoarekin «konektatzeko zailtasunak» izan bazituen ere egun elkar ulertzen jakin dutela eta ikerkuntzaren alorrean «lan asko» burutzen ari dela goraipatu zuen. Nazioarteari dagokionez, munduko kantu inprobisatuak ezagutzea eta bertsolaritzak mundurako jauzia egitea ere garrantzizkotzat jo zuen –horren adibide, atzo aurkeztu zen Kulturartea Mapa edo kongresua bera– eta, hirugarrenik, mundura bezain beste etxera begira ere jarriak daudela azpimarratu zuen. Bertsolaritzak euskaraz eta ahoz aritzen diren sortzaileekin, izan antzerkian dabiltzanekin, abestiak sortzen dituztenekin edota ipuin kontalariekin, dituen hartu-emanak nabarmendu zituen. Izendapenari begira, bertsoaren «hauskortasuna» izan zuen hizpide: «Bertsoak badu ezaugarri bat: hauskorra dela. Azken 30 urteetan egin ditugun mugimendu guztietan argi izan dugu bertsoa testua eta testuingurua dela. Izendapenak babesa emango liokeela uste dugu, baina iristen ez den bitartean orain artean bezain ongi babesten jarraituko dugu», ziurtatu zuen. Bere aldetik, Guzmanek ondare immateriala zaintzearen garrantzia azpimarratu zuen eta, ondare materialarekin gertatzen ez den bezala, kasu honetan «fosilizatu» beharrean dinamismoari eusteak duen garrantzia nabarmendu zuen. Horretarako, bertsolaritzak, beste ezein ondare immaterialek bezala, berebizikoa luke transmisio guneak sortzea, praktikarako mekanismoak garatzea eta ikerketa zein metodologiak sustatzea. KULTURARTEA MAPA Goizeko saioei Kulturartea Maparen aurkezpenarekin eman zitzaion amaiera: Mintzolak munduan lokalizatuta dituen ehun kantu inprobisatu adierazpide biltzen ditu mapak. Etorkizunean, proiektua adierazpide ezberdinen artean elikatzea da asmoa.