16 JUIL. 2016 HAUR LITERATURA Irudi eta galderak Asun AGIRIANO Irakurleari den-dena begien bistan ipintzea baino aspergarriagorik ez dago. Liburuak erantzunak emateko baino galderak sorrarazteko direla uste dut. Zenbait kasutan irakurleak esfortzua egin behar du istorioa, egoera edo pertsonaiak ulertzeko. Niri behintzat, liburu baten aurrean, ideiak iradokitzea hitzez hitz azaltzea baino erakargarriagoa egiten zait. Honen adibide bikaina da Txalaparta argitaletxeak kaleratu duen album ilustratu berria, “Baionako alarguna”, hain zuzen. Bide batez, esan dezagun, haur literaturari dagokionez, argitaletxe honek ibilbide xumea baina interesgarria eta kontuan izatekoa daramala. “Baionako alarguna” narrazioaren egilea Marisa Nuñez idazle galiziarra da, nahiz eta Patacrua ezizenarekin argitaratu dituen azken liburuak. Aurretik ezagunak genituen “Kokoriko” eta “Kamila zebra”, adibidez, dagoeneko haur literaturan klasiko direnak. Idazle honek sarri abiapuntutzat hartzen duen ipuin tradizionala antzeman daiteke oraingoan ere: galdera eta erantzunen jokoa, errima eta egitura kateatua edo metatua. Horrela, bada, kontakizuna entzuten dabilen haurrak datuak memorian gordetzeko esfortzua egin behar du. Baita animalien loturak egiten ikasi ere: mika, katua, txakurra, ahuntza; edo hain nabarmenak ez diren osagaiak barneratu: sua, ura. Haurra saiatu behar da egoerak ulertzen, pertsonaia ezberdinak gogoratzen eta, hortik abiatuta, orokortzen eta asmakizunak egiten. Liburu honen orrialde bakoitzean zerbait berria agertzen zaigu, hau da, kate-maila handituz doa. Istorioak egitura zirkularra du, hasieran ipuinak zuen ordena berreskuratzen da amaiera zoriontsuan. Azken esaldiak istorio guztia borobiltzen du… «artzainak aurkitu zuen eraztuna eta hari musu ematera joan zen “Baionako Alarguna”!» Gainera, errimaz gain, testuaren tonua iradokitzailea da, ahoz kontatzeko aukera bikaina. Orrialde bikoitietan “Eta zer da hau?” galderaren formula errepikatzen da. Izan ere, Javier Solchaga ilustratzailearen proposamena ulertzeko, haurrari ahalegin berezia eskatzen zaio. Birziklatutako objektuekin eskulturak aurkezten ditu Solchagak eta horien argazkiak dira ikusiko ditugunak: egur zatiak, harriak, burdin hariak, eta abar. Puska horien ondoan galdera aproposagorik ezin topatu: Eta zer da hau? Erantzuna da hurrengo orrialdeko protagonista. Testua eta ilustrazioa elkarren osagarri dira eta proposamen grafikoa berritzailea eta, aldi berean, dibertigarria da, jakin-gosea sortzen duena, haur txikiak berehala harrapatuko duen jokoan. “Baionako alarguna” izenburua propio da itzultzailearen hautua, beste hizkuntzetan liburuaren izenburuak aldatu egiten baitira, errima egokia toki zehatz batekin egin ahal izateko, gurean, esaterako, “bila zebilen eraztuna” esaldiarekin bat egiteko. Arkaitz Goikoetxeak ezin hobeto asmatu du formula eta eskertu nahi diot ez izatea printzesa bat musu bila dabilena, beste hizkuntzetara itzuli diren ipuin batzuetan legez. Bidaia atsegina da ipuin honen irakurketa eta, amaieran, saria: pertsona orok gura dugun oinarrizko ziurtasun hori, adiskidetasuna eta maitasuna. Ipuin bikaina, interesgarria, jostalaria, udaz gozatzen lagunduko diguna.