GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Ahotsak itzali eta memoriak pitzatu aurretik


Laurogei urte, juxtu atzo, 1936ko gerraren abiapuntu izan zen estatu kolpetik. Tarteko isiltasunak 80 urte baino luzeagoa dirudi. Orain gerra kontatzen duten ahotsek dardara dute; orain gerra kontatzen duten memoriek tarratak dituzte. Baina orain gerra kontatzen duten begiek malko berriak dituzte, tragedia zaharra gogoratzeak mina berritzen duelako, aldiro.

Pepik urtebete pasatxo zuen aita Ondarretako kartzelara preso eraman zutenean. Amak seme-alabak bizilagun batekin utzi eta kartzelara egin zuen korri, senarra han ote zegoen galdetzera. Baietz, han zeukatela preso, eta manta eta jatekoa eskatu zituela. Geroztik ama egunero joaten zen Ondarretara aitari bazkaria eramatera. Baina egun batean bazkariarekin joan eta han ez zegoela esan zioten, aske utzi zutela. Eta amak jakin ez. Eta amak sinistu ez. Beste herritar batzuen ahotik jakin zuten kamioi batean sartu eta Hernanira eraman zituztela. «Mujeres, querer a nuestros hijos», egiten omen zuten oihu kamioitik. Hernanin fusilatu egin zituzten.

Paxkuala koskorragoa zen ordurako, eta egunero joaten zen Hernanitik Donostiara, plazara, esnea eta barazkiak saltzera. Ez omen zuen inoiz hildako gorputzik ikusi, baina ohean zegoela entzuten zituen tiro hotsak. Eta egunero ‘Cuesta de la Muerte’ aldapatik pasatzean bide bazterrean ikusten zituen zapatak eta botak. Gauean han gertatu zenaren seinale. Akaso han zeuden Pepiren aitaren zapatak ere.

Ondo kontatu gabeko historiaren bi hari mutur baino ez dira. Ahotsak itzali eta memoriak pitzatu aurretik, belarriak tentetu beharko genituzke.