20 JUIL. 2016 IKUSMIRA Munduan non gauden, nondik ari garen Xole Aramendi Kazetaria Zer esan nahi dudan baino gehiago da nondik esan nahi dudan», irakurri nion behin Beñat Gaztelumendiri. «Ahalik eta garbien edukitzea non gauden kokatuta, nondik ari garen hitz egiten. Bertsotan hastean ez dut pentsatzen ‘mezu hau bota nahi dut’. Bertsolariek oro har ez dute hori egiten, eta, egingo balute, ez litzateke ona», zioen. Arrazoi potoloak alboratu eta diskurtsoaren ertzak bilatzeaz ari zen. Ertzak. Izkinak. Mugak. Eztabaida baten erdian erdibidean aurkitu izan naiz askotan. Ez beltza edo zuria, kolore grisa margotzen baizik. Eta ertzean sentitu izan naiz. Mugan. Ordenagailuaren aurrean eseri eta idazten hastean jakiten dugu askotan gai honetaz edo hartaz zer pentsatzen dugun. Buruan jira-bueltan dabilzkigun pentsakizunak ordenatzean konturatzen gara gure munduari nondik begiratzen diogun, zein koloretako betaurrekoak dauzkagun jarrita. Pantailaren aurrean hasten dira ordura arte buruan zuri edo beltz ziren arrazoiak koloreztatzen, diskurtsoa ñabarduraz betetzen. Silvia Perez Cruz kantariak ere honelaxe deskribatu zuen behin agertoki gainera igotzean sentitzen duena: «Bizitzan hain da arraroa dena, eszenan ulertzen ditudala gauzak gehien», esan zuen. Inguratzen gaituenaz edo urrun egonagatik interesa pizten digun beste hartaz idazteak gertaera edo egoera haiek ulertzen laguntzen digu. Orain bezala, ordenagailuaren teklatuaren gainean behatzak joan-etorrian dantzan dabiltzanean, deskubritzen dut munduan non nagoen.