21 JUIL. 2016 IKUSMIRA My Actibity Amalur Artola Kazetaria Gero eta garbiago daukat Googlek aurpegira barre egiten digula. Zuzenean. Badakigu Interneten sartu eta Googlek kudeatzen duen zerbitzuren batekin topo egiten dugun aldiro osten digutela datu pertsonalen bat, eta esan izan digute –nahiz eta batzuetan sinestea kosta egiten zaigun– badutela hor nonbait gure fitxa bat, gure izen-abizen eta ohiko datuak baino baliagarriagoa zaien informazioa biltzen duena: gure interesak. Gure interesen erradiografia osatzen dute Google edo Chrome-ren bidez egiten ditugun bilaketei Youtuben arakatu ditugun musika-bideoen edota errezeten zerrenda gehituta, interes horiek norekin parteka ditzakegun dakite Gmaileko gure harreman sareak ikusita, horiekin nondik nora ibiltzen garen –eta nola: oinez, autoz edo garraio publikoan– ere badakite Maps-en egin ditugun kontsultak ikusita... eta abar eta abar. Bada orain lotsarik gabe esaten digute baietz, guk uste baino gehiago dakitela gutaz, muturren aurrean My Activity izeneko zerbitzua jarriz: hura aktibatuz gero, sarbidea duzu Googlek zutaz dituen datuetara –zuk jakitea nahi dutenetara bederen–. Hotzikara ematen du sarean dugun aktibitatearen egunez eguneko zerrenda ikusteak, gure intimitatea erasota sentitzeak, Google etxeko sukalderaino sartu zaigula onartzeak. Baina grazia gehien egin didana zera da, zuk hautatzen dituzun datuak «ezabatzeko» aukera ematen dizutela. Benetan ezabatuko balitu bezala. Gure begien bistatik kendutako datuekin gutaz-jakitea-nahi-ez-dugun-gauzen-zerrenda egingo dutela sumatuko ez bagenu bezala. Ez da soilik aurpegira barre egiten digutela. Horrez gain, badirudi tontotzat gauzkatela.