GARA Euskal Herriko egunkaria
sokatira

680 kiloko txapela dago jokoan Laukizen


Euskal Herriko Lur Gaineko Txapelketa amaitzear dago, eta 680ko txapela erabakitzeko dago oraindik. Gaur jokatuko da 17.30ean Laukizen azkeneko jardunaldia, eta hantxe jakingo da zein den txapelduna.

Goiherri A eta Gaztedi A taldeek dituzte txapela lortzeko aukerak. Emozio handia dago, bi jardunaldiren ostean bi taldeak berdinduta iritsi baitira. Gainerako talde guztiei irabazi diete bi saioetan, baina elkarren arteko tiraldietan bakoitzak bana irabazi eta berdindu egin dute.

Gaur horrek ez du balioko, eta hori gertatzen bada, kitarakoa jokatu eta lanean segi beharko dute irabazle bat atera arte. Bigarren posturako ere ikusmin handia dago, baina hor Gaztedi B taldeak puntu bateko aldea ateratzen dio Goiherri B taldeari. 

Beste bi postuak erabakita daude, gertatzen dena gertatzen dela, Akelarrek eramango baitu bosgarren postua, eta Gaztedi C taldearentzat izango baita azkenekoa. Jadanik hiru mailatan amaituta dago txapelketa, eta Gaztedi A taldeak bi txapel eraman ditu eta bakarra, Goiherri A taldeak.

Aizkora

Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako jardunaldia izango da gaur Gasteizen, 12.00etan hasita. Foruen plazan jokatuko da norgehiagoka, eta han izango dira aurrez aurre Jon Rekondo eta Iker Vicente. Bi nafarren arteko dema polita aurreikusten da. Nafarroako Herriz Herri Txapelketan, bihar jokatuko da Beran beste jardunaldi bat, 19.00etan hasita. Arraiotz, Artzanegi, Bera eta Berriozar arituko dira nor baino nor.