30 JUIL. 2016 HAUR LITERATURA Grano gorri bat Xabier ETXANIZ ERLE Ipuin sinple eta arina eskaintzen digute Pello Añorgak eta Mikel Valverdek, Gioseppo zapatari serioaren ipuina; edo nola zapatari serioa pailazo umoretsu bilakatu zen. Eta aldaketa hori guztia, hori dena, zergatik eta, Giosepporen sudurrean atera zen grano gorri baten ondorioz. «Gioseppo zen zapatari serioa. Hain serioa ezen zapatak konpontzearen ondorioz, haren sudurrak zeukan zapata baten itxura. Eta gertatu zen gertatu, atera zitzaiola grano bat sudurraren puntan, bitxi-bitxia: pinportatxoa. Eta Gioseppo egin zen lotsatu: -Ai, ene, jendea izutuko da gero!». Hitz hauekin hasten da zapatari berezi honen istorioa, eta irakurleak ikusi ahal izan duen bezala ipuina irakurtzeko baina baita ere kontatzeko, ozenki irakurtzeko dago idatzita. Gioseppo ospitalera joango da sudurreko granoaz informazioa eskuratzera; bertan adieraziko diote tumore bat dela baina ona. «Angioma? Ba, a zer bola, hau ez da batere broma!», esango dio zapatariak eta orduan medikuak granoa kentzeko tramiteak bideratzeko ateratzean bakarrik utziko du une batez gizona. Bakarrik eta aspertuta, harik eta ospitaleko pasilloetatik paseatzen hasi arte. Horrela gure zapatariak topo egingo du jolasean ari diren haur gaixoekin, eta hauek, harrituta, sudurra ukituko diote, sudur ia magikoa baita haurrentzat: «Eta zer-nolako sudur gorria zeukan deskribatu zioten haur guztiek, zehatz-mehatz: -Sudur tomatetxoa! -Sudur txanpiñoia! -Pipermorrotxoa! -Txirrin-txirrina! Eta txirrin-txirrin, ukitu egin zioten sudurra, txirrin liluragarri bat ukituko balute bezala, txirrin gorri miresgarria, fantasiatsua». Gertakari horrek eragin handia izango du Giosepporen bizitzan, izan ere bere bizimodu serioa alde batera utzi eta Gioseppo zapataria izateaz gain ospitaleko haurren pailazoa ere izango baita. «Arrazoi duzue. Zertarako konponduko dut sudurra, zapatari serioa izateko? Ez, horixe! Ez, eta ez! Ona da nire tumorea, are onago edukitzea umorea». Mikel Valverderen irudiek ederki islatzen dute testuak dioena; bizitasun eta tonu ezin egokiago batez, testuari darion alaitasuna nabaritzen da ilustrazioetan. Are gehiago, haur txikiei irakurtzeko, kontatzeko, istorioa dela esan dugu hau eta irudien bidez istorioa ederki jarraitzen den ipuin entretenigarri, gomendagarri eta miresgarria lortu dute bi sortzaileen artean. Gaixotasunak, umeen naturaltasuna, gauza garrantzitsuen balioa, bizipoza, ospitaletako haurren egoera,… asko dira ipuin itxuraz sinple eta arin honetan agertzen diren kontuak, eta irakasteko edo hauei buruz hitz egiteko edo pedagogikerian (termino hori balego) erori gabe, era atseginean, istorio hunkigarri baten bidez azaltzen zaizkigu. Zapatari serioari grano bat atera zitzaion sudur puntan eta lotsatuta «jendea izutuko da gero!» pentsatu zuen; haurrekin izaniko enkontruaren ondoren, granoa ez konpontzea erabaki zuen: «Eta a zer-nolako arrakasta lortu zuen! Sudurreko pinportatxoa ukitu eta, txirrin-txirrin, fantasiaren etxean sartzen ziren denak, gaixotasunak ahaztuta, ospitaletik urrun, munduko penak sendatuta». Izan al daiteke ezer hoberik? Bai, Giosepporen aurpegian ageri zaigun zoriontasuna!!