GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Iker Vicentek segundo bateko aldearekin menderatu du Jon Rekondo

Hasieratik izan zen emozio handia. Leitzakoa zazpi segundo aurretik sartuzen azken saiora, baina iraupen proban, Otsagabikoak buelta eman zion.


Iker Vicentek aurreikuspenak bete eta irabazi egin zion Jon Rekondori Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako saioan, baina emozioa ikaragarria izan zen, amaieran segundo bakar bateko tartea bakarrik egon baitzen.

Proba guztiak joan ziren estu, tarte handiegirik gabe, aurrenekotik hasita. Aurreneko lana 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu izan zen, eta hori Vicente II.ak irabazi zuen. 36 kolpean erdibitu zuen enborra eta Rekondok, berriz, bat gehiago behar izan zuen.

Bigarren lanean, bakoitzak tamaina bereko enborra erlojuz kontra ebaki behar izan zuen. Eta hor aurka zuen aldeari buelta eman zion Jon Rekondo leitzarrak, bere lana 55 segundoan amaitu baitzuen, eta Otsagabikoak, berriz, 13 segundo gehiago behar izan zituen.

Hirugarren lanean, 45 ontzako bat zutik jarrita ebaki behar izan zuten, eta hori Vicentek eraman zuen, nahiz eta ez zion balio izan aurretik jartzeko. Ikerrek bere lana minutu bat eta 15 segundoan amaitu zuen, eta Jonek, berriz, bost segundo gehiago behar izan zituen. Bost lanetatik hiru amaituta zeuden, eta Rekondo zen aurretik, nahiz eta tartea zazpi segundokoa bakarrik izan.

Iraupen proba

Laugarren probak ez zuen ezer erabaki, eta gauzak zeuden bezalaxe utzi zituen. 60 ontzako bat zeinek azkarrago moztu neurtu ziren, eta hor aizkolari bakoitzak denbora bera behar izan zuen. Bai Rekondok, eta baita Vicente II.ak ere, 3 minutu eta 31 segundo behar izan zituzten euren lanak amaitzeko.

Azkeneko proba, iraupen proba zen, eta hor aizkolari bakoitzak sei kana-erdiko ebaki behar zituen. Rekondo zen aurretik, baina tartea zazpi segundokoa baino ez zen. Proba honetan ere emozioa ikaragarria izan zen, bi aizkolariak parean aritu baitziren, baina azkenean Iker Vicentek irabazi egin zuen, eta zortzi segundoko tartea kendu zion. Ondorioz, segundo bakar bategatik Otsagabikoak lortu zuen garaipena. Lan hau burutzeko, 11 minutu eta 52 segundo behar izan zituen Iker Vicentek, eta 12.00 izan zen, berriz, Jon Rekondoren denbora.

Lan guztiak amaituta, bost probetako denborak batuta, Iker Vicente izan zen garaile. Berak lan guztiak burutzeko, 18 minutu eta 22 segundo behar izan zituen, eta Jon Rekondok, berriz, 18 minutu eta 23 segundo behar izan zituen denak egiteko.

Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako hurrengo jardunaldia abuztuaren 15ean izango da Amurrion. Han, lehiaketa honetako bi aizkolaririk gazteenak neurtuko dira. Alde batetik Iker Vicente izango da, eta bestetik, berriz, Eneko Otaño.