GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Jauregi eta Zubiaga dira Arabako finaleko bi faboritoak


Arabako aizkolarien finala jokatuko da gaur 12.00etatik aurrera Gasteizko Foruen plazan. Arkaitz Jauregi, Jose Angel Zubiaga, Eloy Kortxero, Juan Rodriguez eta Juanillo Rodriguez neurtuko dira nor baino nor.

Aizkolari bakoitzak, bi 45 ontzako, beste bi kana-erdiko eta beste horrenbeste 60 ontzako erdibitu beharko ditu. Garbi dago txapela Zubiagaren eta Jauregiren artean egongo dela. Une honetan gainerakoei koska bat kentzen diete herrialdean. Beste hiruretakoren batek txapela lortzea ezuste handia litzateke. Final honetan, gainera, datu bitxi bat ere egongo da, izan ere, bost finalistetatik bi, Rodriguez I.a eta Rodriguez II.a, Segoviakoak dira. Biak Araban dute euren lizentzia, eta herrialdeko txapelketa jokatu ahal izango dute.

Nolanahi ere, gaur Gasteizera joaten direnek ez dute aizkora bakarrik izango ikusgai, Arabako emakumezkoen Lokotx-biltze Txapelketa ere bertan jokatuko baita.

Harri-jasotzea

Bestalde, Gorlizen, Bizkaiko Harri-jasotze Txapelketa jokatuko da gaur, 18.30ean. Azken urteotako lehiakide kopururik handiena izango da, baina guztien gainetik Inhar Urruzuno dago. Berak irabazi berri du Euskal Herriko Txapelketa, eta oker handiren bat gertatu ezean, berak jantziko du gaur herrialdeko txapela, gainerakoei koska handia kentzen baitie.

Ondarroakoarekin batera, Aritz Etxeberria, Oskar Perez, Jon Petter Scot, Unai Ardeo eta Asier Zubiaga arituko dira lanean. Bakoitzak 100 kiloko bola, pisu bereko kubikoa eta pisu bereko kopa erabiliko ditu. Bakoitzarekin hiru minutuko txanda bana izango dute.