13 AOûT 2016 Harri-jasotzea Igeldoko Harria Txapelketan Eizmendi aterako da faborito Gaur jokatuko da lehiaketa, Donostiako Trinitate plazan,19.30etik aurrera. Jon LEUNDA 19.30etik aurrera jokatuko da Donostiako Trinitate plazan, Igeldoko Harria Txapelketa. Harri-jasotzaile ugari izango dira bertan, eta denen artean faborito nagusia Eizmendi izango da. Zarauztarrarekin batera, Aranburu, Etxeberria, Galarraga, Illarramendi, Izeta IV.a, Otaegi, Telleria II.a, Telleria IV.a eta Goenatxo III.a lehiatuko dira. Igeldoko Harria oso berezia da. 134 kiloko pisua du, baina harri baldar zail horietakoa da, oboide itxurakoa. Kirolari bakoitzak bost minutuko txanda bat izango du lanean aritzeko. Gaur iluntzean Donostian izango diren batzuk etzi arratsaldean Mallabian arituko dira, hango torneoan lehiatuko baitira, 17.30ean hasita. Urruzuno, Lopetegi, Eizagirre, Peñagarikano, Galarraga eta Etxeberria lehiatuko dira. Hemen kirolari bakoitzak 100 kiloko zilindro zaharra eta pisu bereko bola erabili beharko ditu, eta bakoitzarekin lanean aritzeko, bost minutuko txanda izango dute. Urruzuno eta Lopetegi dira txapela lortzeko faborito nagusiak. Baina harri-jasotzaileen lana ez da hor amaitzen, gaur 19.00etatik aurrera Sunbillako pilotalekuan Latasaren Oroimenezkoa jokatuko da, eta aizkolariez gain, Inaxio Perurena ere bertan izango da. Leitzarrak 280 kiloko harria bi eskuekin jaso eta ondoren 220koa esku batekin jaso nahi du, horrela 500 kilo jasotzeko. Plazan orain arte ez omen du inork egin era horretako lanik, eta Perurenak egingo du gaurkoan. Harri-zulatzea Euskal Herriko harri-zulatzeko finala jokatuko da etzi, 19.00etatik aurrera, Gernikan, San Joan plazan. Talde asko arituko dira, gainera, lanean, Euskal Herriko Ligan ari ez diren bat baino gehiago ere bai, baina aurtengo denboraldia nola doan ikusita, Ereño da garaipena lortzeko faborito nagusia. Faboritoekin batera lanean arituko diren talde guztiak, honako hauek dira: Burdin Gazteak, Errekatxo, Gallarta, Las Karreras, Kabiezes, Aldai Alde, Piratak eta KZ Kolpeka. Ligarekin alderatuta, Gallarta, KZ Kolpeka eta Las Karreras dira berriak. Berez, taldeak ez dira berriak, urte askoan ari baitira lanean, baina aurten ez dira Liga jokatzen ari. Egun bateko saioa izan da, edozer gerta daiteke, baina garbi dago Ligan erakutsi duen sendotasunarekin egiten badu lan Ereñok, zaila izango dela hura mendean hartzea. Gainerako taldeek ere hori oso ongi dakite.