Udan surf egitera joateko lekuak: Hegoaldeko itsaskiak Islandian
Opor garaia izan arren, abuztua ez da urteko sasoirik onena Euskal Herrian surf egiteko. Olatu bila beste herrialde batera joan nahi duenarentzat hona aukera polit bat: Islandia. Ur hotza bai, baina olatu ederrak, itsaskien maiztasun handia eta jende pilaketarik ez.
Uda garaia ez da surf egiteko sasoi onena Euskal Herrian, baina jende askok oporrak izaten dituen garaia izaki, surf egitera beste herrialdeetara joateko ohitura gero eta hedatuago dago. Gehienak Indonesiako edo Hego Ameriketako olatuen bila abiatzen dira, hego hemisferioko itsaskien bila, leku epel eta gozoetara egiten dute ihes, baina leku hotzagoetara joateko momentu ona ere izan daiteke.
Udako itsaskiak
Ekaina eta uztaila hilabete eskasak izaten dira gurean, itsaski gutxi eta ahulak izaten baitira. Urteko egunik luzeenetakoak izaten diren garaia, eguzkiaz gozatzeko aukera gehien dugun sasoia, ez da surf egiteko une egokia gurean.
Abuztuan, aldaketa bat ematen da, eguna gero eta laburragoa izaten hasten den arren eta tenperaturek behera egiteko joera har dezaketen arren (batez ere egunsentian eta arratsean): itsasoko ura urteko tenperatura altuena izatera irits daiteke. Abuztuan urrun sortutako itsaskiak izaten dira lantzean behin eta surfaz gozatzeko aukera paregabea eskaintzen dute.
Abuztuan oporrak izan arren urrun joateko aukerarik ez duenak Frantzian, Landetako hondartza amaigabeetan, olatu onak aurki ditzake. Eremu hartan olatuak indartsuak izaten dira, beraz, gutxieneko maila duenak, hau da, oraindik lehertu gabe dagoen olatuaren aldean zutik lasai joateko gai den surflariak, gozatzeko leku aproposa da.
Surfean hasi berria den batek ez du aparteko lekurik behar, malda gehiegi ez duen hondartza bateko apar eta olatuekin goza dezake, eta halakoak gurean ugari dira (Hendaia, Deba edo Sopela kasu), baita beste edozein herrialdetan ere. Maila gehiago duen surflariak ostera, olatu mota zehatz bat bilatzen du, aurkitzeko zailagoa dena eta ondorioz nahi bezalako olatuak eskainiko dituen lekuak aurkitzeko aukerak ere murritzagoak izaten dira.
Surflari gehienek maite duten olatu mota ihesbide erraz eta luzeko olatua da, ez oso bortitza eta metro bateko altuera duena. Halako lekuak gurean asko dira, baina uda sasoian itsaskiak maiz izaten ez direnez halako baldintzak izateko aukera gutxi izaten da. Izan ere, olatu mota hori eskaintzen duten leku gehienak ez dira hondartzak izaten, haitz eremuak izaten dira, eta, hondartzak baino leku babestuagoak izaten direnez, itsaski sendoagoak ere behar izaten dituzte olatuak behar bezala leher daitezen.
Horrelako lekuak, gurean ezik Europa iparraldean ere ugariak dira, eta uda sasoia eremu hotzetara joateko momentu egokia izan daiteke. Irlanda eta Eskozia dira udan edo udazkenean surf egitera joateko helmuga ezagunenak, baina azkenaldian bada indar hartzen hasi den beste herrialde bat: Islandia.
Udan ere hotz egiten duen arren, sasoi honetan itsaski gehien jasotzen dituen eremua da eta olatu ederrak eskain ditzakeen kostaldea du. Jende pilaketarik gabe eta lasai surf egin nahi duen surflariak kontuan hartzeko herrialdea da Islandia.
Islandia
Arrazoi desberdinengatik izan daiteke Islandia udan surf egitera joateko leku aproposa, baina olatu bila dabilenarentzat bada arrazoi nagusi bat, alegia, itsaskien maiztasuna. Euskal Herrian sartzera iristen ez diren udako zenbait itsaski bete-betean sartzen dira Islandian.
Bide erdian, Irlandan ere izaten dute eraginik aipatu itsaskiok, baina ez dira Islandian sartzen diren indarrarekin iristen, izan ere hegoaldeko itsaskiak dira. Iparralderantz doazen uhin lerro sendoak dira, ez dira oso handiak (metro ingurukoak), baina egunero surf egiteko aukera eskaintzen dute.
Islandiako klimak udan eskaintzen duen beste bereizgarri bat egunaren iraupena da. Neguan ia ez da egunsentirik izaten, baina udan alderantziz izaten da, ia ez da gaurik izaten; abuztuan hiru ordu inguru baino ez ditu irauten gauak, beraz, leku bakoitzari dagokion itsasaldi egokienak eskatzen duen momentuan ez da itsasoratzeko arazorik izanen.
Islandia leku hotza da. Uhartearen %11 inguru izoztuta egon ohi da urte osoan zehar. Kostaldea fiordoz inguratuta dago, eta bertan daude Islandiako herri eta hiri gehienak. Izan ere, Islandiako barnealdea izotz eta hareazko desertua denez, ez da giza bizitzarako egokia. Errepide nagusiak ere Islandiako kostaldetik doaz, irla guztia inguratzen duen eraztun itxurako sarea osatuz.
Klima ozeaniar hotza da nagusi Islandian. Hala ere, golkoko itsaslasterraren eraginez, latitude bereko beste lurralde batzuk baino klima epelagoa du. Konparazio bat egitearren, Alaska edo Suaren Lurraldearen antzeko klima duela esaten da.
Uhartearen iparraldean nahiz hegoaldean daude olatuak, baina iparraldean klima askoz ere hotzagoa da eta elurra oso ohikoa da. Hegoaldean itsaskiak maizago sartzen dira eta olatuen garaiera ere handiagoa izan daiteke. Islandia hegoaldea ordea, epelagoa izan arren, euritsuagoa eta haizetsuagoa ere bada. Uztaila eta abuztuan, batez besteko tenperatura maximoa 13 gradukoa izaten da, eta, minimoa, berriz, 8 gradukoa.
Uraren tenperatura 12 gradu ingurukoa da uda garaian, alegia, Euskal Herrian otsailean izaten dugun tenperaturaren antzekoa. Beraz, neopreno on batekin arazorik gabe surf egin daiteke, baina, ur jantziaz gain, esku larruak, oinetakoak eta burua estaltzeko txanoa eramatea ere komeni da.
Surf egitera Islandiara joan nahi duenarentzat aholkuak ematen dituzten web orrietan ez dute zehatz esaten neguan uraren tenperatura zenbatekoa den, baina 8 gradutik beherakoa izan daiteke, eta hori, egungo ur jantziak oso onak izan arren, gizakiarentzat tenperatura oso baxua da ordu batez uretan egoteko. Hori dela eta, biziraupen tresneria eramateko gomendatzen dute muturreko hipotermia eta antzerako kasuei aurre egiteko.
Kontuan izan Islandiako kostaldea leku bakartia dela. 325.671 biztanle baino ez ditu uharteak, baina gehienak, ia erdia, Reykjavik hiriburuan bizi dira. Gainera, distantzia handia egon daiteke surf egitera goazen hondartzaren eta gertuen dagoen herriaren artean. Hortaz, komenigarria da edozein ezustekori aurre egiteko beharrezko gauzak soinean eramatea.
Urautsi ezagunenak irlaren hego-mendebaldean aurkitzen dira, baina ez dago jende pilaketa arriskurik. Leku bakartiak maite dituen jendearentzat kostalde aproposa da. Oraindik guztiz esploratu gabeko eremua da Islandia, gainera, kostaldeak duen formagatik, urautsi eder asko eskain ditzakeen herrialdea da.
Badira gidari moduan aritzen diren enpresak. Surf eskola modukoak dira, oso garestiak. 400 eurogatik, haizea eta itsaskiaren arabera, egun horretan surf egiteko leku egokiena zein izan daitekeen erabaki eta bezeroa zuzenean eramaten dute urautsira.
Bertako jendearekin ez dago aparteko arazorik. Azken urteetan surf egitera gero eta jende gehiago joaten hasi da, baina oraindik ez da jende pilaketarik eta bertako klima hotza konatuan izanda ez dirudi halakorik gertatzeko arriskurik dagoenik.
Gaur egun sekulako ur jantziak egiten dituzte, ur oso hotzetan surf egiteko aukera eskaintzen duten neoprenoak edonoren esku daude eta horrek lehen pentsaezinak ziruditen lekuetan surf egiteko aukera ireki du. Baina ur hotzetan surf egiteak gogorra izaten jarraitzen du eta surflariok nahiago izaten dugu leku epeletara joan.
Olatu politak maiz eta lasai hartu nahi dituenak, ordea, horra aukera paregabea Islandian, orain da sasoia. Egunsenti luzeak, tenperatura ez oso hotzak eta urautsiak nonahi, ingurune zinez berezi eta basatian. Abentura maitaleentzako bidaia.