GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Aitzol Atutxak ez die gainerakoei aukerarik eman

Bizkaitarrak hasieratik hartu du aurrea, eta hortxe aritu da saio osoan zehar.


Ez zen ezusterik izan, eta Aitzol Atutxak irabazi zuen atzo Donostiako Trinitate plazan jokatu zen Urrezko Kopa. Bertan Euskal Herriko Lehen Mailako iazko txapelketako bost aizkolaririk onenak neurtzen dira. Kirolari bakoitzak 14 kana-erdiko erdibitu behar izaten ditu. Atzokoan ere ikusle asko batu ziren finala ikustera.

Aitzol Atutxa da egungo Euskal Herriko txapelduna, baita iazko Urrezko Kopako txapelduna ere, eta bizkaitarra zen atzokoa irabazteko faborito nagusia ere. Ez zuen hutsik egin, jaun eta jabe izan baitzen. Ia hasieratik hartu zuen lehen postua, eta apurka-apurka zuloa egiten joan zen, amaieran garaipen erosoa lortzeko, bigarren sailkatu zen Iñaki Azurmendiri bi minututik gorako tartea kendu baitzion. Berehala ikusi zen gauzak normal joanda txapela zeinek eramango zuen, eta Atutxak ez zien gainerakoei ezertarako aukerarik eman.

Atzetik, Iñaki Azurmendi sailkatu zen. Arriarangoa saiatu zen eusten bizkaitarrari, baina ikusi zuenean ihes egin ziola, bigarren postua ziurtatzera joan zen. Larrañaga izan zuen aurkari zuzen atzetik, baina behin azpeitiarra atzean utzita, bigarren postua sendotu egin zuen, eta amaieran hortxe bukatu zuen atzoko jarduna. Hain juxtu, lanean aritu zen aizkolaririk beteranoena zen bera.

Eta gazteena, berriz, hirugarren izan zen. Itxaropen handiak zeuden Mikel Larrañagarengan, baina azpeitiarrak ez zuen bere egunik onena izan. Bigarren postua erasotzen ahalegindu zen, baina Azurmendik ihes egin zion. Atzekoak, berriz, oso atzean utzi zituen, eta berak ere aparteko arazorik gabe eutsi zion hirugarren postu horri.

Azkeneko posturako borroka izango zela zirudien, eta une askotan ere horrelaxe izan zen Irazuren eta Otaegiren artean, biak ere Zizurkilgoak. Azkenerako Otaegik aurre hartu zion, eta laugarren amaitu zuen. Gainera, Irazuk, gerrietako minak jota, ezin izan zuen amaitu, eta bukatzeko bi enbor falta zitzaizkiola bere lana utzi egin zuen.

Atutxak 34 minutu eta 8 segundo behar izan zituen bere lanak egiteko. Bigarren postuan Azurmendik amaitu zuen, 36 minutu eta 21 segundoko denbora eginez. Hirugarrena izan zen Larrañagarentzat. Azpeitiarrak jarduna 39 minutu eta 52 segundoan burutu zuen. Laugarren sailkatu zen Otaegi, eta bereak 46 minutu eta 15 segundoan amaitu zituen. Irazuk, esan bezala, ez zituen lanak amaitu.