GARA Euskal Herriko egunkaria
Surfa

Deuseztatu nahi ziren urautsiak:Lemoiz, Ogella eta Puntaendata

Orain 40 urte Euskal Herrian eraiki nahi ziren zentral nuklearrak egin balira, gure kostaldean ditugun ingurune eta urautsi zoragarriak suntsitu egingo ziren. Oraindik badira egitasmo erraldoion aztarnak. Komeni da tarteka atzera begiratu eta zer gertatu zen oroitzea.


Egun geldirik dagoen, baina oraindik eraitsi ez den Lemoizko zentral nuklearra oso ezaguna da Euskal Herrian. Bertan, surf egiteko aukera eskaintzen duen urautsi bat bada. Egun oraindik, ordea, badira bestelako aztarna batzuk ere gure kostaldean, Frankoren garaian indarrean jarri nahi izan zen plan baten adierazle.

Aipatu egitasmo guztiok egin balira, Euskal Herrian ditugun kostalde salbai eta ederrenetakoak bakarrik ez, urautsi bikainak ere galduko genituzke, eta, egun, ezin izango genuke inguruneotan diren olatu ederrekin gozatu.

Historia pixka bat

1972. urtean, oraindik Franko bizirik zela, Euskal Herrian energia nuklearra sortzeko plangintza bat jarri zen indarrean. Apirilaren 18an Iberduero enpresak Lemoizen zentral nuklear bat eraikitzeko beharrezko lizentzia eskatu zion orduan lur haien gaineko eskumena zuen Mungiako Udalari. Zortzi egun geroago alkateak eraikuntza egiteko baimena ukatu zuen.

Iberduerok ez zuen etsi, eta 1973ko irailaren 27an Euskal Herrian beste hiru zentral nuklear eraikitzeko baimena eskatu zuen. Bata Tuteran (Nafarroa), bestea Ispasterren (Bizkaia) eta bestea Deban (Gipuzkoa). Hiru leku horietan ez ziren zentralak osorik egitera iritsi, besteak beste bertako udal eta herritarrek egindako presioengatik. Nafarroako kasuan, gainera, Diputazioa bera ere proiektuaren kontra agertu zen.

Euskal Herri osoan sekulako mugimendua sortu zen zentral nuklearrok eraikitzearen kontra, baina, egun bezala, Frankorekin ere, azken hitza Madrilek zuen eta, egun bezala, orduan ere EAJren babes osoa zeukan halako proiektuak herritarren nahiaren gainetik inposatzeko. Horrela, 1974ko martxoaren 14an Espainiako Gobernuak Lemoizen lanak hasteko baimena eman zuen. Lanok iraun zuten bitartean sekulako mobilizazioak izan ziren. Mobilizazioen atzetik sabotajeak etorri ziren, enfrentamendu armatuak gero, hildakoak, bahiketak, eta abar.

Nuklearren kontrako borrokak luze iraun zuen. Artean Franko hil zen, baina Estatuak bere horretan jarraitu zuen, 1984. urtean Felipe Gonzalez Espainiako presidenteak luzamendu nuklearra ezarri eta zentrala geldiarazi zuen arte. Ordutik, Lemoizko zentrala lozorroan dago, berriz ere noiz berpiztuko duten zain.

Urautsi nuklearrak

Lemoizko eraikuntzaren tamainak zer-nolako munstroak egiteko asmoa zuten argi eta garbi erakusten digu. Beraz, aipatu zentral nuklearrak egin izan balituzte, gaur egun Euskal Herrian surf egiteko dauden leku salbai eta ederrenak suntsitu egingo zituzten.

Lemoizeko aztarna erraldoiaz gain, ordea, Itziarko kostaldean egiten hasi ziren lanen aztarnak ere oraindik han daude. Eta Ispasterko kostaldean ere bada denborak ezabatu nahi duen aztarnarik. Edonola ere, zentral nuklearrok egiteko asmoa bururaino eraman izan balute, Euskal Herriko kostaldeak dituen eremu zoragarriak bakarrik ez, surf egiteko leku aproposak ere suntsituta izango lirateke.

Lemoiz

Lemoizko zentral nuklearraren ondoan olatu mutante bat jasotzen da. Alegia, itsasotik datorren uhinak bat-batean hondoan dagoen lauza batekin talka egin eta olatu bortitz eta borobil bat sortzen da. Surflarientzako oso zaila da halako olatua jaistea, beraz, bodyboard zaleentzako olatua da; oso arriskutsua gainera.

Ezker olatu borobila, ia karratua, laburra eta bortitza. Sakonera handi eta txikien arteko desorekak koskak sortzen ditu olatuan, eta, ondorioz, baita tuboak ere. Itsasgoran hartzeko olatua da, itsasbeheran kosta lehorrean geratzen baita. Bi eta hiru metroko itsaskiak direnean hasten da lehertzen olatu fantasma hau, beraz, itsaski sendoak behar ditu.

Ispaster

Ispasterren egin nahi zuten zentral nuklearra Ogella hondartza aurkitzen den lekuan egin nahi zuten. Mendebaldean haitzak eta ekialdean harea eta arrokak dituen dituen hondartza da. Bizkaiko ingurune garbiena duen eskualdea da.

Ogella itsaskietatik babestua dagoen eremua denez, olatuak izateko indartsuak izan behar dira. Itsaski handiarekin olatuek bi metro arteko altuera dute eta ezker-eskuin lehertzen den olatua ateratzen da. Itsasgoran ezkerra luzeagoa da, eta, itsasbeheran, berriz, eskuina luzeagoa eta indartsuagoa bilakatzen da.

Hondartzan errazagoa da olatuak izatea, baina oso aldakorra da. Batzuetan haitzak baino ez dira ageri eta olatuak apur bat narrasak izan daitezke. Itsasoak hondarra ekartzen duenean, ordea, olatuek forma dotorea hartzen dute.

Zumaia-Itziar-Deba

Debako kostaldean egitekoak ziren zentral nuklearra, ostera, Itziarko lurretan egiten hasi ziren. Zumaia eta Deba artean, ohiko errepide nagusietatik urrun, badira surf egiteko makina bat urautsi. Mota desberdineko urautsi asko dago eta guztiak haitzen gainean lehertzen dira; hortaz, ez da hasiberriek surf egiteko eremu egokia, baina gutxieneko maila duten surflariarentzat aukera asko eskaintzen dituen itsas bazterra da.

Surf egiteko urautsiez gain, ordea, kostaldeko ibilaldiak egin edo besterik gabe paisaiaz eta lasaitasunaz gozatzeko leku ezin hobea da. Izan ere, edozein errepide edo giza arrastotatik urrun, ingurune berde baten ostean, bat-batean, itsaslabarretan behera erotzen dira amildegiak itsasora. Ikusgarriak dira bertako labarrak, tartean Algorriko flysh famatuak, “Game of Thrones” telesail famatua filmatzeko erabili nahi dituztenak.

Algorriko branka zorrotzetatik hasi eta Itsaspeko labarretara urautsi andana dago Itziarko kostaldean. Pikote, Arantzazpi, Elorriaga, Portutxiki, Txikipaip, Puntaendata, Itziarko ezkerra, Basajaun, Itsaspe eta Aitzuri dira surf egiteko aukera eskaintzen duten kostalde horretako urautsiak. Puntaendata da guztien erdigunean aurkitzen den urautsia, eta, hain justu, han egitekoak ziren zentral nuklearra. Beraz, proiektua aurrera atera balitz, urautsiotako asko ere desagertu egingo ziren.

Itziarko itsaslabarren artean kostatik gehien urruntzen den muturra da Endata. Eskuinera beso luzea duen olatua ateratzen da; hasiera bertikala du, baina gero asko apaltzen da, eta zortzikoak egiteko egokia da. Longboard zaleentzat eta surflari trebeentzat olatu polita da, pixkanaka indarra galtzen baitu, beraz, norberak aukera dezake olatua zein eremutan hartu. Ezkerra, ostera, arriskutsuagoa da. Olatu laburragoa eta indartsuagoa da. Hasieran borobil lehertzen da, tuboak egiteko aukera ematen du, baina haitzak oso gertu daude. Lehen sekzioa igaro ostean ariketaren bat edo beste egiteko aukera ere ematen du, baina olatuak aurrera egin ahala haitzak haien buru zorrotza erakusten hasten dira. Surflari adituentzat eta bodyboard zaleentzat da egokia.

Gure ondarearen ezagutza

Urdaibaiko itsasadarrak Mundakako ezker olatua sortzen duen modu berean, gizakiak ukitu gabeko kostaldeko lekuetan urautsi ederrak izateko aukera dago, naturak berak baitu olatu onenak sortzeko gaitasun handiena. Gizakiak olatuak sor ditzake igerilekuetan, egiazko olatuak antzez ditzake, baina inoiz ez da iritsiko naturak eskaintzen duena bezalako ezer eraikitzera.

Mundaka bezalako urautsiak arriskuan direnean aztoratu egiten da surflarien komunitatea, baina, azaleko kontzientziaz harago, ezjakintasuna handiegia da. Zenbat surflarik dakite haien urautsi kutuna noizbait desagertzear izan zela?