GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Osaba Samen lurraldean


Cochino, marrano, cerdo americano», abesten genuen txikitan esanahia gehiegi ulertu gabe. Amerikano horiek estatubatuarrak dira. Haien hirietan genbiltzan duela astebete baino gutxiago eta esan beharra daukat… gu bai marranoak! Gure mendiak zaborrez josita daude, mukizapi bat hemen, zigarrokin bat han, eta horregatik pentsaezina iruditzen zitzaidan Yosemite bezalako parke erraldoi turistiko batean, «txomingeroz» josita dagoena, zaborrik ez ikustea. Badirudi naturarekiko guk baino errespetu handiagoa dutela yankiek.

«Hanburgesa pila bat jango zenuen, ezta?». Ba bai, eta gainera M horia duen katearen jatetxeetan behin baino gehiagotan bazkaldu dut, eta zein ona zegoen dena! Edozein jatetxetan bezain onak, multinazionalaren hemengo lokaletan baino hobeak. Bilbon duela gutxi zabaldu zuten kafetegi garesti horretan ere gosaldu dut batzuetan, eta gauza bat esango dizuet: Osaba Samen herrialdean kafe hori ez da garestia. Ez behintzat beste kafetegietan baino garestiagoa. Eta kafea nolakoa da? Amerikanoa, noski.

Yankiekiko aurreiritzi txar askorekin abiatu nintzen bidaian baina nahiko zapore onarekin itzuli naiz etxera. Oso jatorrak eta hiztunak dira, laguntzeko prest daude orokorrean eta, batzuek Euskal Herria non dagoen ere badakite. Aizu, «Bilbao» eta «izena gogoratzen ez dudan beste herri batean» izandako gizon batekin aritu ginen. Donostia zen «herri» hori. Euskararen egoerari buruz galdetu zigun ondoren eta bere emazteak ea Francoren ostean beste diktadore bat dagoen jakin nahi izan zuen. Senarrak demokrazia dagoela azaldu zion, eta guri irribarre erdi bat marraztu zitzaigun ahoan.