GARA Euskal Herriko egunkaria
GUTUNAK

Mirakruz 19


Donostiako alkate jaunari zuzentzen natzaio orain gutxi egunkari batean eskainitako elkarrizketak etsituta eta kezkatuta utzi ninduela adierazteko. Izan ere, Gros auzoko Mirakruz 19 eraikinari buruzko galderari oso modu axolagabean erantzun baitzion. Ramos jaunak kantoia eta dorrea, behinik-behin, bere horretan geratuko direla aditzera eman berri duen arren, ezin salbatuko omen da eraikina denok legea bete behar omen dugulako.

Zer esan nahi ote dute, beraz, Goia jaunaren hitzek? Ez zait bidezkoa iruditzen Donostiako mandatari nagusienak hain modu kaskarrean erantzutea hiritarron artean horrenbesteko egonezina eta zalaparta eragiten duen arazoari. Ez da Groseko eraikina bakarrik, kulturaren Europako hiriburua den urte berean, Donostiako hainbat ondare garrantzitsu desagertzen ari delako edo desagertze bidean dagoelako. Legeak hiri osoaren eta hiritar guztion beharren eta interesen zerbitzura eginda egon behar luke, ez gutxi batzuen nahia edota poltsikoa asetzeko. Irmoki eta zorrozki jokatu beharko zenukete Udaleko arduradunok eta zuen ahoetatik hainbestetan entzuten dugun gardentasunaren izenean lehenbailehen EHOPBa aztertzeari ekin beharko zeniokete, beste txikiziorik egon ez dadin eta ilunak argitu daitezen.

Gertatzen ari denaren ardura zuena da, alkate jauna. Ez zaitezte gehiago legearen atzean ezkutatu, lege hau, hain zuzen, zuen guztion sinadurek gorpuztu baitzuten 2014. urtean.