12 SEPT. 2016 KANPAINA Nabaritu da, bai, hauteskunde kanpaina hasi dela Dernière mise à jour : 12 SEPT. 2016 - 06:24h Xabier IZAGA Herritarrak ohi baino areago lausengatu eta batez ere ergelak balira bezala tratatzeko testuinguru aproposa dira hauteskunde kanpainak. Bozkatu aurreko egunez ari naiz, egiaz etengabeko hauteskunde kanpainan bizi gara-eta; egun hauek, ordea, aproposagoak dira herritarrei koipea eman eta tontotzat hartzen dituztela, gaituztela, nabarmenago ikusteko. Alfonso Alonso PPko lehendakarigaia, titiko umeek ondo dakiten bezala, saiatuenetakoa izaten da. Bada, forman segitzen duela erakutsi du asteburuon. Larunbatean, Espainiako Atzerri Gaietako ministroa ondoan zuela, esan zuen inork ez duela independentzia nahi, noiz eta Diadaren bezperan. Baina ez, ez zuen Katalunia aipatu ere egin, lausengua «etxerako» zen: «euskal herritarra azkarra da-eta». Alegia, azkarra delako ez du independentzia nahi. Batzuek uste izango dute independentzia nahi dutenak ez direla azkarrak. Oker. Ergelek ere ez dute independentzia nahi. Inork ere ez. Eta honetara ezkero konturatu naiz lerro hauek –Ulisesek Polifemori begi ona izorratu zion bezalatsu– ez dituela inork idatzi. Misterioa. Eta horrelako misterioak berdintzeko edo, zalantza bat –Elkarrekin Podemoseko hautagaiak argitzeko gai izan ez diren zalantza– argitzera etorri zen Barakaldora Pablo Iglesias Podemoseko liderra. Litekeen gobernu akordio baterako oinarrien berri eman zuen: gizarte politika, baketzea eta erabakitze eskubidea. Bada zer edo zer, azalpen handirik eman ez bazuen ere; esate baterako, zer da erabakitze eskubidea? Podemosen bezala Madrilek erabaki duena erabakitzeko eskubidea? Eta «baketzea»? Bien bitartean, Elkarrekin Podemosen programa Madriletik iritsi berri, EH Bilduk bere gobernu plana aurkeztu zuen: 720 neurri. Aizu, ondo dago azaldu eta zehaztea, baina hauteskunde eguna iritsiko da eta ni 417.a irakurtzen ibiliko naiz! Idoia Mendia PSEko lehendakarigaiak ere bota zuen berea: «Nazionalismoek bat egiten dutenean, Euskadik bere momenturik txarrenak jasaten ditu». Bat nator harekin, nolabait. Estatu espainolean nazionalistek bat egiten dutenean, berak Euskadi esaten dion horrek, Nafarroak, Kataluniak, immigranteek eta nire katuak momenturik latzenak pasatzen dituzte. Urterik urte eta hamarkadarik hamarkada luzatzen diren momentuak.