15 SEPT. 2016 IKUSMIRA Litio pixka bat, mesedez Beñat Zaldua Kazetaria David L. Dunner eta Ronald R. Fieve psikiatrek 1974an sortu zuten ziklazio azkarraren kontzeptua. Horrekin deskribatu zuten urte bakar batean lau ziklo depresibo (edo maniako) baino gehiago sufritzen dituzten pertsonen nahasmendua. Erraz esanda eta sinplifikatuz (dena, beti ere, askoz konplikatuagoa dela jakinda), aldartea errusiar mendi baten gainean igota daukatenak dira ziklatzaile azkarrak. Erdibiderik gabe, bikain egotetik oso-oso gaizki egotera pasatzen direnak. Psikologiak norbanakoei aplikatutako kontzeptuak kolektiboki erabil daitezkeelakoan nago, eta ziklazio azkarra ez da salbuespena. Norbanakoek osatuak baitira, finean, prozesu kolektiboak. Nabarmena izan da azken asteetan ezker abertzalearen barruan gertatutako aldarte aldaketa. Oporrak hartu aurretik behe-behean zegoen, ekainaren 26ko emaitzen eraginez. Ongi doan kanpaina batekin, aldiz, goi-goian sumatzen dira orain animoak. Eta lehenago, berdin: abenduko hauteskundeekin depresioa eta Arnaldo Otegiren askatasunarekin, besteak beste, euforia. Erdibiderik gabe, berriz ere. Ziklatzaile azkarra dugu, ezker abertzalea. Horrenbestez, ez da zaila irudikatzea orain goi-goian dauden animoak lurpean gera daitezkeela irailaren 26an, bezperan emaitzak ez badira inkestek aurreratzen dituztenak. Erdibide falta horretan, erabat ongi edo erabat gaizki egote horretan, gal daiteke perspektiba. Izan ere, horrela ahaztu egiten da emaitzak baino inportanteagoa dela, askotan, emaitza horiekin zer egin nahi eta ahal den. Litioarekin sendatzen da ziklazio azkarra. Elementu solido arinena da litioa.