Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
KIROLA

Smith eta Wright txapeldun: Trestleseko txapelketa mugarri

Trestleseko txapelketak ranking orokorreko postuak egonkortzeko balio izan du. Mutilen zein nesken kasuan, aurtengo munduko titulua lortzeko aukera dutenen zerrenda murriztuz doa. Jordy Smith eta Tyler Wright izan ziren garaile Kaliforniako olatuetan.

Aspaldi final batean ikusi gabeko bi lehiakide beterano ikusi ahal izan ziren Trestlesen urtero egiten den munduko txapelketa ospetsuan. Biek patxadaz itxaron zituzten olatu onenak, lehentasun arauak zuzen kudeatzen ere badakitela erakutsi zuten, eta bi surflari esperientziadun zirela nabari zen; azkenean, Jordy Smith gailendu zen.

Nesken kategorian ez zen aparteko sorpresarik izan: aurtengo itzulian punta-puntan dabiltzan lehiakideek haien postuei eutsi zieten eta berriz ere Tyler Wright gailendu zen. Australiarrak aurtengoan irabazten duen laugarren proba da, eta horri esker ranking orokorreko lehen postuan jarraitzen du.

2016ko WSL itzulia osatzen duten hamaika txapelketetatik zortzigarrena pasa den astean amaitu zen Kalifornian (AEB), Trestleseko urautsi mitikoan, beraz, aurtengo zirkuitua amaitzeko gero eta gutxiago falta denean ranking orokorrean lehiakide bakoitzak duen postua egonkortzen hasi da eta aurtengo munduko titulua irabaz dezaketen surflarien zerrenda gero eta laburragoa da.

Trestleseko txapelketaren ostean aldaketa batzuk izan dira mutilen rankingean, baina lehen bi postuetan lehengo lehiakide berak daude, John John Florence aurrena eta Gabriel Medina bigarrena. Hortik behera izan dira aldaketa esanguratsuak: urte hasieran postu onean zeuden lehiakideek behera egin dute eta pixkanaka beteranoak gora egiten hasi dira.

Nesken kasuan oso bestelakoa da egoera. Urte hasieratik rankingean lehiakide bakoitzak lortutako postuek bere horretan jarraitzen dute; txapelketa joan txapelketa etorri ez da ia aldaketarik ematen eta lehen hiru postuetan dauden surflariek haien postuei eusten diete.

Tyler Wright australiarra da buru nesken rankingean, bere atzetik Courtney Conlogue estatubatuarra dago eta hirugarren postuan Carissa Moore hawaiiarra. Hiru lehiakideok dira aurtengo titulua eskuratzeko aukera gehien dituztenak.

Aspaldiko partez bi beteranoren arteko final bat ikusteko aukera izan zen Trestlesen. Jordy Smith surflari hegoafrikarra eta Joel Parkinson australiarra aspaldiko lehiakideak dira, eta sarri punta-puntako postuetan izan dira, baina aurtengoan oraindik postu on bat lortzekotan zeuden bi lehiakideak.

Smithek eman zion hasiera txapelketako azken txandari. Bi olatu on egin zituen, ongi marratutako bi eskuin olatu luze egin zituen, baina olatu ahulak ziren, metro bakarreko olatu etzanak. Artean, Joel Parkinsonek patxadan jarraitzen zuen urautsian eserita olatu indartsuagoen zain. Parkinsonek olatu handiagoa hartzea lortu zuen, baina bide erdian olatuak indarra galdu zuen eta ezin izan zion behar adina etekin atera.

Gauzak horrela, lehiakide bakoitzaren estrategia argia zen. Parkinsonek olatu handiena hartu nahi zuen. Smithek ez zuen fede handirik olatuetan, bazekien olatu handiena ez dela beti onena izaten, eta olatu txiki gehiago hartzeko hautua egin zuen. Smithek asmatu egin zuen, izan ere, olatu txikiagoak hartu arren ibilbide luzeagoa eta magal bertikalagoa zuten olatuak hartzea lortu zuen. Horixe behar zuen hegoafrikarrak hain ondo egiten dituen airekoak egin ahal izateko.

Honela mintzatu zen Smith txapela irabazi ostean: «Surf taula bikaina izan dut gaurkoan hankapean. Ate guztiak zabalik nituela etorri nintzen txapelketa honetara eta ongi atera da. Joel miresten dut, beti izan da nire surflari kutunetako bat».

Smithek esker oneko hitzak izan zituen txapelketako antolatzaile, lagun, senide eta gainontzeko lehiakideentzat, eta bere txapela urte askotan txapelketetan segurtasun eta sorosle lanak egiten ibili ostean berriki bizia galdu zuen David Wood lagunari eskaini nahi izan zion.

Smithek, aurrera begira 2016ko munduko titulua eskuratzeko aukera zabalik duela ere gogorarazi zuen eta lehiatzeko prest dagoela adierazi zuen: «Aurtengoan munduko txapela eskura dezaket. Orain Europako txapelketak datoz eta hor gauzek edozein norabide har dezakete, beraz, nire indar guztiekin aritzea baino ez zait geratzen».

Nesken kasuan bi australiar izan ziren finalera iritsi zirenak, eta horien artean bat, mutilen kasuan bezala beteranoa, Stephanie Gimore alegia, sei bider munduko txapelduna izandakoa. Bi belaunaldiren arteko talka izan zen, hortaz, nesken finalean. Ikuskizun polita eskaini zuten bi surflariek.

Tyler Wrightek irabazi zuen, baina ondo kostata. Izan ere, final amaierako bozina hotsa entzun arte lehia hertsian aritu ziren bi surflariak. Antzeko aritu ziren, baina Wrightek ariketa gehiago egitea lortu zuen eta epaileek hori kontu hartu zuten.

Honela mintzatu zen Wright oholtzatik jaitsi ostean: «Aurtengoan zera erabaki nuen: txapelketaz txapelketa aritzea, hurrengo txapelketan pentsatu gabe momentuan zentratzea, eta ongi ari naiz. Lan handia egin dut, baina sekulako laguntza eta babesa ere jasotzen ari naiz eta esan beharra dut atzetik munduko ekipo onena dudala».

Wright pixkanaka esperientzia hartzen ari da eta horretaz ere jabetu da bera:«Lehen ere ibili izan naiz honelako lehiaketetan, baina aurten eroso sentitzen naiz, ziurtasuna ematen dit horrek, eta hori atzetik maitasun asko daukadalako da».

Munduko itzuliko hurrengo geldialdia Frantzian izango da, Landetako urautsi borobiletan. Urriaren 4tik 15era bitartean etxetik oso gertu ikusi ahal izango ditugu munduko surflari onenak. Nesken kasuan, ordea, aurrez Portugalen beste txapelketa bat ere egingo dute, irailaren 24an hasi eta urriaren 2ra bitarte luzatuko dena: Cascais Womnen's Pro.