21 SEPT. 2016 KANPAINA Zenbait irudipen Dernière mise à jour : 21 SEPT. 2016 - 06:20h Xabier Izaga Azkenetan dago hauteskunde kanpaina, baina haren laburpena egiteko tarterik –are gutxiago gogorik– ez dudanez, egunotako zenbait irudipen ekarriko ditut zerrenda honetara. Mariano Rajoy eta haren banda, egia esateko, ez dira etorri euskal herritarrok zer egin behar dugun esatera, hemen seguruenik ordezkapenik txikiena izango duen alderdiak ekonomia zein gizarte edo politika arloetan erabakitzen duena indarrean baitago. Soraya beren inposizioaz harro eta zirikatzaile agertu zen herenegun: «Euskadiri on egin diote PPren politikek». Kanpaina osoan gildak banatzen ibili dira, eta nik ez nuen horren zergatia sumatzen, baina Sorayarenak entzunda, ez dakit ez ote dabiltzan zaplazteko eske (zentzu metaforikoan, Carlos, ondo dakigu zentzu errealeko belarrondokoak ematea zure eginkizuna dela). PSEk, berriz, tematuta jarraitzen du euskaren gainean «argi» hitz egiten. Harako bideoan eta mitinetan eta kaleko mezu ibiltarietan. Nire lagun bat, euskaldun petoa eta diren eta ez diren euskara titulu guztien jabe, sutu egiten da entzuten dienean: «Nik ere sartu nahi dut Administrazioan, baina baztertu egin naute, oposiziorik egin nahi ez dudalako». Nik arrazoia ematen diot, batez ere ni baino 2o zentimetro luzeago delako. Elkarrekin Podemos “Viva la Gente” programa ez da Rajoyren programatik gehiegi aldentzen... formetan. Lasai, badakit, espero dut, edukietan desberdinak direla, baina gauzak «modurik egokienean» egin behar direla Rajoyk ere esaten du, eta zehatzago azaltzen: «como Dios manda». EAJk, betiko koherentzia erakutsita, estatus berria (hurrengo hauteskundeetarako ere prest daukana) saltzen jarraitzen du, ezberdinen arteko akordiotik abiatu eta nazio aitortza jasoko duena. Izan ere, euskal nazioa aitortzeko irrikan daude PP eta PSE. Eta zer esanik ez Madrilen! Edonola ere –ez dakit Jainkoaren edo euskal senaren arabera–, gurdia idien atzean kokatzen du, eta «arre» esateko proposamen hutsa buruko idiarena-jotzea (barkatu kalkoa) iruditzen zaio. EH Bilduren bostehunetik gora neurri irakurri ditut dagoeneko, loari ordu batzuk ostuta, eta programaren garrantzia batere gutxietsi gabe, abantaila bat lukeela iruditzen zait... baldin oroimena, edo hemeroteka, kontuan izango bagenu, aurreko hauteskundeetan aurkeztutako programak irakurri eta bakoitzak bete duenari erreparatuko bagenio. Eta hauteskunde kanpainarekin kokoteraino banago ere, botoa emango dut, bai horixe, makulagabeen paradisua galtzeko beldurrik gabe. Lan gutxi eman dit erabakia hartzeak, beste hamaika arrazoiz gainera, euskal preso politikoen gomendioari jarraituko diodalako.