27 SEPT. 2016 Kasazio Auzitegiaren erabakiaren zain LABek sostengu kanpaina abiatu du Enpresa oso txikietako hauteskundeetan parte hartzea debekatzen dion ebazpenari jarritako helegitearen zain, sostengu kanpaina abiatu du LABek Ipar Euskal Herrian. Sindikatuak «Bertan erabaki» lan ildoa aurkeztu du, sektoreka dituen proposamenak plazaratuz. Idoia ERASO BAIONA Askatasun sindikalaren alde sinadura eman eta mobilizatzera deitu du LABek. CGTk azaroan eta abenduan Estatu frantsesean egingo diren enpresa oso txikien hauteskundeetan sindikatu abertzalearen parte hartzea debekatzeko ezarri zuen errekurtsoak agorrilean aurrera egin ondoren, orain Kasazio Auzitegiak erabakiko duenaren zain dago LAB. Epaiketa bihar egingo da eta deliberoa bizpahiru egunetan heltzea espero da. Korsikako STC sindikatuaren kontra ezarritako helegitearen kasuan, Kasazio Auzitegiak korsikarren aldeko erabakia hartu zuela oroitu zuten LABeko ordezkariek atzo Baionan egindako agerraldian, haiek ere garaile atera daitezkeela ondorioztatuz itxaropentsu. Hala ere, bizi duten egoera salatu eta sostengua biltzeko sinadura kanpaina bat abiatu dute. Baita helegitearen ondorioz izandako gastuei aurre egiteko diru bilketa bat ere. Libertesyndicale.com webgunean egiten ari diren kanpainaren helburua 7.000 euro lortzea da. Kanpainarekin askatasun sindikala defendatzera deitzen dute: «LABi eginiko erasoa da, baina askatasun sindikala bera ere trabatzen da, hauteskundeetan parte hartzea oztopatzen baita. Beraz, demokraziaren oinarriei egiten zaie eraso zuzenean». «Bertan erabaki» lan ildoa CGTren erasoak sindikatuaren jardunean «toki handia» hartu duela onartuta ere, ez dituela «proiektu sindikaletik desbideratu» nabarmendu zuten atzo Baionan LABeko ordezkariek. Horren erakusle, “Bertan erabaki” lan ildoa aurkeztu zuten. Bere burua «zirkuitu motzeko sindikatu» bezala definitu zuen LABek, eta zentzu horretan «tokiko akordio kolektiboak» bultzatu behar direla aldarrikatu zuen. Horiek sortzeko negoziazio tresna berriak eratu nahi ditu, alde batetik, Komisio Paritario Lokalak eremu pribatuan lan egiten duten arizaleentzat, eta, bestetik, Euskal Herriko Langile Kudeaketa Gune bat arlo publikoan ari direnentzat. Tresnon egituraketa hasiera-hasieratik defendatu duten Ipar Euskal Herria Elkargoaren sorreraren bezperan kokatzen dute. «Zirkuitu laburrak bultzatu eta alternatibak hemen eraiki behar dira», baieztatu zuen Heren Muruaga LABeko kideak. Ildo berri hori sektoreka nola landu beharko litzatekeen ere aztertu zuten: sektore publikoan, pribatuan eta industrian. Maika Lapoublek sektore publikoari dagokionez hiru eremutan lanean ari direla azaldu zuen, lurraldeko erakunde publikoak diren herriko etxe eta herri elkargoetan, Estatuaren gain dagoen hezkuntzan eta Baionako Ospitalean. LAB sektore publikoan «gaztea» dela kontuan izanik, prebentzioan lan egitea erabaki dute, lehentasuna formakuntzan ezarriz. HELEP edo Elkargo Bakarraren eraketak 1.000 bat langileri eragingo diela kontuan izanik, Gidaritza Batzordean sindikatuen presentzia onartu beharko litzatekeela uste du. Batzordeko presidente eta hautetsiei LABekin eta beste sindikatuekin mahai-inguru bat antolatzea eskatu diete jada. Sindikatu batzuk erakundearen kontra agertu direla, eta beste batzuk beraien aldetik lanean hasi direla kontuan harturik, «elkarlanera» deitu du LABek. Bestalde, eremu geografiko horretan lan egin baina Departamentuaren esku geldituko diren langileentzat Euskal Herriko Langile Kudeaketa Gunea sortzea proposatu du. Industriari dagokionez, Ipar Euskal Herrian oso gutxi garatutako sektorea dela nabarmentzearekin batera, Bidasoaren hegoaldera begiratuta elkarlana sustatu beharko litzatekeela azaldu zuen Mikel Ibargurenek. Azkenik, langileen %80 sektore pribatuan aritzen direla kontuan harturik, Komisio Paritario Lokalak sortzearen beharra aldarrikatu zuen Jean-Michel Dirassarrek. Parte handi bat prekarizazio maila handia duen turismoan aritzen denez, egoera horri aurre egiteko kanpainak egiten ari dira, igandeetako lanarekin lotuta besteak beste. PREKARIETATEA Erakunde publikoetako prekarietatea aztertzeko ikerketa bat abiatu du LABek. Emaitzak ikasturte bukaerarako esku artean izatea espero du sindikatuak.