GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Lehengo balekin etorkizuna idazten


Modu batean edo bestean, Kolonbiako herritar ororengan izan du eragina azken 52 urteotako gerrak. Gatazkaren adierazpide desberdinek zortzi milioi biktima (2,5 milioi inguru, adingabeak) utzi dituztela kalkulatzen da: 220.000 hildako, zauritutakoak, bahitutakoak, beren burua etxea uztera behartuta ikusi dutenak... Herrialdeari ezarri dion galga ekonomikoa ere ezin da aipatu gabe utzi. Gudak alde guztietan irekitako zaurien zerrenda amaigabea da.

Iraganari kateatuta egon ordez, bai Gobernua bai FARC, geroa modu desberdin batean eraikitzen tematu dira. Ezin dugu ahaztu Juan Manuel Santosen agindupean –bai presidente izanda bai Uriberen Defentsa ministro izanda– kolpe latzak jaso zituela gerrillak, eta bururaino eraman duten prozesuari zein haren emaitzari balio erantsi berezia ematen diola horrek –askoz hurbilago ditugun agintariek erakutsitako heldutasun faltari erreparatzea besterik ez dago–, bi aldeak egoerak eskatzen zuen ardura maila izaten jakin dutelako behin betiko akordioa erdietsi arte. Ez da, noski, zailtasunik gabeko bidea izan, eta oraindik ere, aurrean dituzten erronkak handiak izaki, bada lan eskerga egiteko.

Sinatzea bera ere ez da nolanahikoa izan. Santos presidenteak eta FARCeko komandanteburu Timoleon Jimenez Timochenkok «baligrafo» bat erabiliz izenpetu berri dute akordioa, Cartagenan. 50 kalibreko metraileta baten balarekin eginiko boligrafoa, alegia. Metafora ezin egokiagoa. Elkar hiltzetik, elkarrekin bizitzera, etorkizun itxaropentsu bat idaztera. Zorterik onena.