03 OCT. 2016 ANTZERKIA Izorratu behar Dernière mise à jour : 04 OCT. 2016 - 16:52h Jaime VALVERDE Estatu modernoak lortu duen garaipen handienetakoa da biolentziaren monopolioa beretzat hartu izana eta aldi berean iritzi publikoaren diskurtso moralean sakon txertatzea herritarrok ezin dugula biolentzia horretara jo inongo baldintzetan, ezta biolentziari berari erantzuteko ere. Fredi Paiaren testuak ideia hori hartzen du hizpide antzezlan ihardukitzaile eta alegoriko bat osatzeko. Taulara eramanez, ausardia handia erakutsi du berriz ere Atx Teatroak, ez bakarrik diskurtsoaren “okertasun” politikoagatik, baita testuak aurkezten dituen berezko zailtasunengatik; besteak beste, ez du ekintzarik ia. Hain zuzen ere, lehendabiziko partean bereziki diskurtsiboa suertatzen da obra, alegatu politikoen segida balitz bezala. Baina poliki-poliki dinamikotasuna hartzen du eta hiru pertsonaiek –herritar zapaldua, sistemaren burua eta honen morroi-bizkartzaina– antzezpen bizi eta interesgarria lortzen dute. Atx Teatroaren aurreko obran ikusi genuen jokatze histrionikoa muturrera eramaten da hemen, arte martzialen mugimenduen parodia bilakatuta. Testuaren pisu ideologikoa arintzeko edo, bihurrikeria da hautatutako tonua eta, egia esan, horretan ekinez lortzen dute atakatik atera eta obrak funtzionatzea. Hiru aktoreek nota altuarekin betetzen dituzte gorputzari dagokionez eskakizun handia duten paperak. Ez da umorerik falta, ezta eszena latzik ere. Publikoa asaldatu nahi eta lortu egiten dute. Antzezpena moztuta, interpelazio zuzena egingo zaio ikusleari obraren bukaera hauta dezan; aktorea besaulki artean doala, ekintzarako gonbita publikoari luzatuz, iruditu zait antzokia bueltatu dela une batez inoiz izan den iraultza eremua izatera.