GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Eneko Otaño beizamarrak eman du aurreneko kolpea

Berak irabazi zuen Azkoitian Euskal Herriko Bigarren Mailako kanporaketa.


Eneko Otaño, Mieltxo Mindegia, Julen Kañamares, Oihan Larretxea, Ander Erasun eta Julen Alberdi sailkatu ziren, urriaren 29an Azkoitiko pilotalekuan Euskal Herriko Bigarren Mailako finala jokatzeko. Maila, berriz, Luix Txapartegik galduko du, berak itxi baitzuen kanporaketako sailkapena.

Euskal Herriko Lehen Mailako kanporaketan mailako gazteenak irabazi zuen bezala, Bigarren Mailakoan ere gauza bera gertatu zen, Beizamakoa baitzen kanporaketan aritu ziren guztien artean gazteena. Otañok lan guztiak burutzeko 13 minutu eta 49 segundo behar izan zituen, eta Lehen Mailara igotzeko faborito nagusi bihurtu zen, nahiz eta azkeneko ekitaldi horretan lana ezberdina izango duten, kanporaketakoa baino handiagoa izango baita. Aizkolari bakoitzak hiru kana-erdiko, 60 ontzako bat eta oinbiko bat erdibitu behar izan zituen. Jendearen erantzuna ere ona izan zela esan daiteke, eta batzuek, gainera, euren jarraitzaileak ere han izan zituzten.

Hainbat multzotan banatuta aritu ziren aizkolariak. Mailan zeudenen artean bik huts egin zuten. Bata, Unai Otañorena, jakinekoa zen, joan den urtean utzi baitzuen aizkolaritza, eta bestea Arria V.a izan zen; izan ere, errezildarra min hartuta dago, eta ez da arituko Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako finalean ere. Orain Txapartegik aukeran izango du Arriaren aurka mailari eusteko kanporaketa jokatzea.

Eneko Otañok bere lanak 13 minutu eta 49 segundoan amaitu zituen. Atzetik, berriz, honako aizkolari hauek sailkatu ziren: Mindegia (14.07), Kañamares III.a (14.32), Larretxea (14.34), Erasun (14.40), Alberdi (14.42), Zaldua (15.10), Mujika (15.11), Mugertza III.a (16.02), Senosiain II.a (16.57), Jauregi (16.58) eta Txapartegi (17.10).

Ingude-altxatzea

Zizurkilen, berriz, ikusle ugariren aurrean, Euskal Herriko ingude-altxatzeko finalak jokatu ziren, bai emakumezkoetan, bai gizonezkoetan. Neskek 10 kiloko ingudea erabili zuten, eta minutu eta erdian horri ahalik eta jasoaldirik gehien ematea zen helburua. Hiru partaide bakarrik lehiatu ziren, eta ez zen inongo ustekabekorik izan, Maika Aristegi nafarrak jantzi baitzuen txapela. Guztira 93 jasoaldi lortu zituen. Bigarren postua Gisasolarentzat izan zen, 89 jasoaldirekin, eta sailkapena, Vanschamelhoutek itxi zuen, guztira 83 jasoaldi eginda. Nafar bat, bizkaitar bat eta lapurtar bat lehiatu ziren emakumezkoen final honetan.

Gizonezkoek ere minutu eta erdi izan zuten ahalik eta jasoaldirik gehien egiteko, baina kasu honetan 18 kiloko ingudea erabili behar izan zuten. Lehian, berriz, sei partaide, eta hemen ere ez zen inongo ezusterik izan. Jon Lapazaran zen irabazteko faborito nagusia eta bera gailendu zen; atzetik zituenei alde nabarmena ateraz, gainera; izan ere sei jasoaldiko zuloa egin zuen.

Araban bizi den bizkaitarrak guztira 89 jasoaldi lortu zituen, eta horrekin nahikoa izan zuen txapela eskuratzeko. Bigarren postua Imanol Martinentzat izan zen, 83 jasoaldirekin, eta hirugarrena, berriz, Unai Ardeorentzat, eta honek ere 83 jasoaldi lortu zituen, horrela podiuma osatuz.

Atzetik, Ioritz Pereira (78 jasoaldi), Nicolas Nerou (76 jasoaldi) eta Igor Armentia (67 jasoaldi), sailkatu ziren. Finala Zizurkilen, Gipuzkoan, jokatu zen, baina gipuzkoar bakar bat ere ez zen izan final horretan. Bizkaia, Nafarroa, Araba eta Lapurdi izan ziren ordezkariak izan zituzten herrialdeak.