12 OCT. 2016 IKUSMIRA Ume izanik, ezkontzera behartutako neskatxak Ainara Lertxundi Kazetaria Saharrek hamalau urte ditu. Sirian jaioa da, baina Libanon bizi da errefuxiatu gisa gerratik ihesi. Iaz, hogei urteko mutiko batekin ezkondu zuten eta, dagoeneko, haurdun dago. Bere lekukotasuna Save the Childrenek atzo, Neskatilen Nazioarteko Eguna zela-eta, plazaratu zuen txostenean irakur daiteke. Aditzera eman dituen datuen arabera, zazpi segundoro hamabost urte baino gutxiago duen neskatxa bat ezkontzen da munduan. Afganistan, Yemen, India zein Somalian ohikoa da bederatzi edo hamar urteko umeak beraiek baino dezente helduagoak diren gizonekin ezkonaraztea. Tradizioa, ohitura, behar ekonomikoa, sinesmenak, gerrrak… daude ezkontza goiztiar horien oinarrian. Tratu txarrak, bortxaketak, sexu gaixotasunak, arrisku handiko haurdunaldiak eta ikasketak utzi behar izatea dira ondorioetariko batzuk. Egun, munduan 62 milioi neska ez dira eskolara joaten. Garapen bidean dauden herrialdeetan, 18 urte bete baino lehen haurdun gelditzen direnak %19 dira, eta 15 urte baino gazteago izanik haurdun daudenak, %3. Nazioarteko komunitateak 2030. urterako haur ezkontza gehiago ez izateko konpromisoa hartu du. Asmo hori betetzetik oso urrun gaudela adierazten digute datuek. Gainera, zifrak segituan ahazten dira. Nazioarteko egunaren ospakizunak irauten duen artean irauten dute gure memorian. Neskatila horien etorkizuna aldatzeko hezkuntza ezinbestekoa da. Baliabiderik gabe oso zaila izango dute mendekotasun horretatik ihes egitea eta hain errotuta dagoen usadio horren ondorio larrien gaineko pedagogia egitea.