17 OCT. 2016 XILABA AMETS ARZALLUSEK ARGIA PIZTU DU IZTURITZEKO HARPEETAN I ZTURITZEKO FINALERDIAREN IRABAZLEA IZAN DA AMETS ARZALLUS, SAILKAPENEAN BIGARREN IZAN DA MADDALEN ARZALLUS, HIRUGARREN ENERITZ ZABALETA, LAUGARREN MADDI SARASUA, BOSGARREN NAHIA SASCO ETA SEIGARREN RAMUNTXO CHRISTY. LEHEN ITZULIA AMAITUTA, BIGARRENEAN ERABAKIKO DA FINALEKO BEHIN BETIKO SEIKOTEA. Jon GARMENDIA Amets Arzallusek bertsoak egiteko bere makina gehiegi estutu gabe eskuratu zuen lehen postua Izturitzeko herriko gelan larunbat arratsean, eta finalerako txartela ia eskuan du. Saioa gorabeheratsua izan zen, ez txarra, apika nahasi samarra, bertso eder eta apalxeagoekin josia, eta agian horrek ekarri zuen Baigorriko finalerdian baino puntuazio ttipiagoa ukaitea saioak. Baigorriko bosgarrenak, Egoitz Zelaiak, Izturitzen bigarren izan zen Maddalen Arzallusek baino puntu eta erdi gehiago du, beraz, momentuz finalerako seikotearen barne da. Horrela dago sailkapena bi finalerdiren faltan: Sustrai Colina 388’50, Amets Arzallus 363, Odei Barroso 361, Miren Artetxe 358’5, Xumai Murua 333, Egoitz Zelaia 331’5, Maddalen Arzallus 330’5, Eneritz Zabaleta 323’5, Maddi Sarasua 320, Aitor Servier 306, Nahia Sasco 302’5, Ramuntxo Christy 294’5. Ametsek ez du hutsik egiten Ez zuela gehiegi estutu erran dugu, baina ariketa guztietan utzi zuen bere abileziaren testigantza Amets Arzallusek, eta garrantzitsuena, bertsokideei laguntzeko joera agertu zuen, saioaren onerako tempusak zehaztu eta entzuleari gozatzeko bertsoaldiak eskainiaz. Mostra gisa bere bakarkakoa, hamarreko handi batean burutua, hitz egokiz beteta. Harakinaren paperean jarri zuten bakarkakoan Amets, bezero batek zakurrarentzat hezurrak galdegin zizkion eta bazekien zakurrik ez zeukala, horra hendaiarraren bi bertsoak: «Hasi nahi nuen ene xolomo ederrena erakusten/ baina gizarte honen egiak azkarki doaz itsusten/ xakurrik ez du ta kontzientziak nahiz eta ez didan uzten/ nahiz hasieran zalantzan egon ta ez nuen garbi ikusten/ bere hezurrak erakutsi dit zertarako nahi lituzkeen»; «Bere mazela hezur hutsa da ta soa ez du goxoa/ ez dakit zein den bere loleku zubipe edo basoa/ ez dakit nola heldu den horra zein den bere arazoa/ baina hezurren galdeak egin baitit barne erasoa/ ez itzazula hezurrak hartu, hartu txuleta osoa». Kartzelakoan ere anaia-arrebak gailendu ziren, bi Arzallustarrak, behintzat biena begitandu zitzaigun saio beteena. 10eko txikian osatzeko gaia honakoa zuten: «Homo sapiens-ak zirezte, Maddalenek harpearen apainketa hobetzea proposatu dizu Amets». Iradokitzailea zen gaia, eta tokikoa, batez ere Izturitzeko harpeen gertutasuna kontuan harturik. Maddalen hasi zen kantuan: «Hemen bada hainbeste zorri ta kukusu/ zaldiak ere ongi marrazten dituzu/ baina harri honekin tristetzen naiz usu/ ideia on bat badut entzun zazu aizu/ nere karikatura egin nahi al duzu?» eta Ametsek bikain erantzun: «Harpeetan pareta handi ta hurbila/ zu ideien ukaten hain zira abila/ karikatura nahi du sinple ta isila/ baina hori egiteko aizu neskatila/ nor joanen da hartzaren odolaren bila». Arzallus ttipienak jarraitu zuen jolasarekin: «Ehizatzea delako ekintza normala/ hemen bada odola ta bada azala/ ideia on bat badut entzun zazu hala/ idatz dezagun gure haurrideek bezala/ gora Aviron Bayonnais aupa Erreala». Eta Ametsek errealitatera ekarri nahi izan zuen arreba surrealismo punttu bat ezarriz: «Baina etzaite izan egun hain ergela/ jakintzazu Reala sortua ez dela/ Aviron Bayonnaisek ez du hasi gerla/ ez joan hain aitzina eintzazu gibela/ pentsatzen ote duzu Picasso zirela?». Eta eutsi zion Maddalenek ariketa ona burutuz: «Nere marrazkia da oso dotorea/ baduelako testura eta kolorea/ eztiozu ikusten bere balorea/ nik artista bat badut barnean gordea/ Picasso ez da izanen ni baino hobea». Ametsek honela bukatu zuen elkarrizketa: «Ea onartzen dizut ta hala bakea/ beraz ene lana da ehizera joatea/ dekoratu dezazun zuk gure harpea/ pentsatu nola den gaur anaienartea/ nik bizia jokatu ta honek artea».