GARA Euskal Herriko egunkaria
Surfa

Tyler Wrightek irabazi du 2016ko nesken WSL munduko titulua

Carissa Moore hawaiiarrak irabazi zuen Hossegorreko nesken munduko txapelketa. Bigarren geratu zen Tyler Wright australiarrak, ordea,munduko titulua eskuratu zuen lortutako puntuei esker. Mutilen artean Keanu Asing ezezagunak irabazi zuen Hossegorreko txapela.


Carissa Moore hawaiiarrak irabazi zuen pasa den astean Hossegorren amaitu zen nesken munduko surf txapelketa, baina finalean arerio izan zuen Tyler Wright izan zen nesken 2016ko WSL munduko titulua eskuratu zuen lehiakidea.

Australiarrak finalera iristean bildu zituen puntuekin beste lehiakideek urtea amaitu aitzin lor ditzaketen puntu guztien batura baino puntu gehiago eskuratu zituen, eta, ondorioz, aurtengo zirkuitua amaitzeko txapelketa bakar baten faltan munduko titulua irabaztea lortu zuen.

Bestalde, mutilen kategorian lehiakide ezezagun batek irabazi zuen Hossegorreko txapelketa. Keanu Asing, 22 urteko hawaiiar gaztea aurten ari da lehiatzen lehen aldiz CT zirkuituan (lehen mailan) eta urtean zehar ez du emaitza ikusgarririk lortu. Pasa den astean, ordea, egun WSLko ranking orokorrean lehen bi postuetan dauden lehiakideak kaleratu eta Hossegorreko txapelketa irabaztea lortu zuen.

Tyler Wright txapeldun

Pasa den astean Hossegorren amaitu zen nesken munduko surf txapelketa astelehenean eten egin zuten, finalerdiak egin aitzin, olatuak txikiegiak zirela-eta. Hiru egun geroago, urriaren 12an, itsasoak apur bat gora egin zuen eta arratsaldean azken txandak egiteko baldintza nahikoak ziren.

Ez ziren, ordea, nolanahiko finalerdiak. Izan ere, jokoan zegoen gauza bakarra ez zen finalerako pasea nork lortuko zuen, baizik eta aurtengo munduko titulua eskuratzeko aukera bat ere bazegoen, eta halaxe suertatu zen.

Finalerdietako lehen txandan Tyler Wright australiarra eta Tatiana Weston-Webb hawaiiarra itsasoratu ziren. Ranking orokorreko lehen eta laugarren postuetan aurkitzen ziren bi lehiakideak.

Olatuak txikiak ziren, baina garbiak, ia haizerik ez baitzegoen. Ezker olatu bat jasotzen zen txapelketa eremuan, eta olatu horri ahalik eta etekin gehien ateratzen saiatzen ziren surflariak; hain zuzen, horregatik ez zen alde askorik batzuek zein besteek egiten zituzten ariketetan. Finalerdietako lehen txanda, beraz, Tyler Wrightek irabazi zuen, eta horrela, hurrengo txandan zer gertatuko ote zen zain geratu zen, Conlogue kaleratuko zuten esperantzan.

Jarraian, finalerdietako bigarren txandan Courtney Conlogue estatubatuarra eta Carissa Moore hawaiiarra izan ziren lehian, ranking orokorrean bigarren eta hirugarren postuetan aurkitzen ziren lehiakideak. Conloguek finalera iristea lortzen bazuen, orduan Tyler Wrightek abenduan Hawaiin egingo den itzuliko azken txapelketan lehiatu beharko zuen 2016ko munduko titulua irabazteko, baina, Conlogue kaleratuz gero, zuzen-zuzenean beretzat izango zen titulua, lortutako puntu kopurua gaindiezina izango baitzen gainerako lehiakideentzat, eta azkenean, horixe bera gertatu zen.

Carissa Moore, hiru bider munduko txapelduna, bikain aritu zen eta Conlogue kaleratu zuen. Horrela, Moorek finalerako pasea eskuratu zuen eta hondartzan emaitzen zain zegoen Tyler Wrightek, berriz, 2016ko WSL munduko titulua eskuratu zuen.

Wrightek iaz hil zen bere osaba bati eskaini zion munduko txapela: «Iaz hemen izan nintzen nire osabarekin. Berak lehiatzen ikusi ninduen azkeneko aldia izan zen eta noizbait munduko titulua irabaziko nuela zin egin nion. Oso hunkituta nago. Berari, nire anaiari eta familia osoari eskaini nahi diot garaipen hau».

Finalean, beraz, Carissa Moore eta ordurako jada 2016ko munduko txapela irabazia zuen Tyler Wright aritu ziren lehian. Jada aurtengo helburua lortuta izan arren Tyler Wright gogor aritu zen finalean ere, baina azkenean hawaiiarrak irabazi zuen aurtengo Hossegorreko surf txapelketa.

Carissa Moorek Courtney Conlogue zoriondu nahi izan zuen, izan ere, Carissak oso ongi daki munduko titulua eskuratzetik hain gertu egon eta aukera galtzeak zer suposatzen duen. Honela mintzatu zen hawaiiarra: «Nire zorion beroenak Courtneyrentzat. Bi bider egon naiz bera orain dagoen egoera berean, eta badakit zer sentitzen den. Asko maite dut. Nola lehiatzen duen ikustea gustatzen zait eta lehiakide bikaina da».

Orain, aurtengo zirkuitua amaitzeko txapelketa bakar bat falta da eta lehiakideek indar guztiak ahalik eta postu hoberenean amaitzera bideratuko dituzte; izan ere, zenbat eta postu hobean amaitu orduan eta diru gehiago irabazten dute, baina hori bakarrik ez, lehen hamar postuetan amaitu nahi izango dute surflariek, hortik atzera lehen mailan lehiatzen jarraitzeko behar duten postua galtzeko arriskua izan baitezakete, baldin eta WQS rankingean (bigarren mailako zirkuituan) behar adina puntu bildu ez badituzte behintzat.

Hossegorreko txapelketaren ostean ez da aldaketa bakar bat bera ere eman nesken rankingeko lehen hamabost postuetan. Datu hori aurtengoan lehiakide bakoitzak bere postua zenbateraino egonkortzea lortu duen erakusten duen adierazle garbia da, beraz, ez da espero aldaketa handirik azken txapelketaren ostean ere.

Ezezagun bat txapeldun

Mutiletan, beste bi txapelketa falta dira 2016ko WSL zirkuitua amaitzeko, beraz, ez zen nesken kasuan bezala txapelketa erabakigarria, baina bai garrantzitsua, azken txanpan sartuta lehiakide bakoitzak munduko titulua eskuratzeko izan ditzakeen aukerak baitzeuden jokoan.

Txapelketako bi faboritoak finalerdietara iritsi ziren. Egun ranking orokorreko lehen bi postuetan dauden eta aurtengo munduko titulua irabazteko aukera gehien duten bi lehiakideak ziren, John John Florence hawaiiarra eta Gabriel Medina brasildarra. Pronostiko guztietan Hossegorreko finalean bi lehiakideok egotea espero zen; horrela, gainera, egun puri-purian dagoen lehia garden irudikatuko zen.

Lehiaketan edozer gerta daiteke, ordea, eta ikusleek espero ez zutena gertatu zen. Aurten lehen aldiz CT zirkuituan lehian ari den Keanu Asing gazteak John John Florence kaleratu zuen finalerdietan, eta hori bakarrik ez, finalean arerio izan zuen Gabriel Medina ere garaitu zuen surflari ezezagunak.

22 urteko gazte hawaiiarrari ezin hobeto etorri zaio garaipen hau, izan ere, txapelketa gehienetan lehen txandan kaleratua izan da, eta ondorioz, lehen mailan lehiatzen jarraitzeko behar duen postua galtzeko zorian zen. Hossegorren lortutako garaipenari esker, ordea, hamabi postu egin ditu gora Keanuk ranking orokorrean eta egun 21. postuan aurkitzen da. Hala ere, oraindik ez dago ziur hurrengo urtean ere lehen mailan lehiatzen jarraitu ahal izango duen, beraz, itzulia amaitzeko falta diren bi txapelketetan itxurazko emaitzak lortu beharko ditu.

Keanuk ez zuen aurretik mundu mailako txapelketarik irabazita, ezta bigarren mailakoa ere (QS), beraz, pozez zoratzen zen surflari gaztea. Lehen hitzak ordea, bere aberkide den John John Florencentzat izan zituen, Gabriel Medinari Hossegorreko txapela ebatsi ostean bere lagunak aurtengo titulua eskuratzeko aukera gehiago izango dituelakoan.

Hona Keanuk esandakoa: «Egia bihurtu den amets bat da. Oraintxe bertan ilargian bezala aurkitzen naiz. Oraindik ez da denboraldia amaitu, egiteko asko dago, baina gutxienez nire garaipenak Johnek aurtengo titulua gertuago izateko balio izatea espero dut».

World Surf League Championship Tour 2016ko itzuliak Portugalen egingo du hurrengo geldialdia. Urriaren 18tik 29ra bitartean Supertuboseko olatuetan izango dira TOP 34ko lehiakideak.