21 OCT. 2016 Aizkora Denek Atutxa eta Vicente jotzen dituzte faboritotzat Larrañaga, Otaegi, Lopez eta Mugertza II.a ere arituko dira etzi eguerdian Euskal Herriko finalean. Dernière mise à jour : 21 OCT. 2016 - 06:16h Jon LEUNDA Etzi jokatuko da, 12.00etan, Bilboko Bizkaia pilotalekuan, Euskal Herriko Lehen Mailako aizkolarien finala. Aizkolaritzako, eta herri kiroletako urteko egunik garrantzitsuena da hau. Sei aizkolari lehiatuko dira, pasa den hilabetean Leitzan txartela lortu zutenak. Aitzol Atutxa, Iker Vicente, Joseba Otaegi, Juanjo Lopez, Mikel Larrañaga eta Ugaitz Mugertza izango dira txapelaren lehian arituko diren sei aizkolariak. Bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko ebaki beharko ditu. Itxura guztien arabera, Atutxa egungo txapeldunaren, eta Vicente gaztearen arteko dema bihurtuko da. Bi horien artean egongo dela auzia ematen du, baina agian tartean ezkutuan, besteren bat ere egon daiteke, eta bat baino gehiago dira Mikel Larrañagari ere begiratzen diotenak. Hasiera batean gutxik kontatzen dute berarekin, baina kontuz gipuzkoarrarekin, Gipuzkoako txapela irabazita baitator, eta maila oso onean. Hala ere, Atutxa eta Vicente dira faboritoak. Bien arteko azkeneko erreferentzia oso gertukoa da, gainera, pasa den astean Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako finalean neurtu ziren, eta ez Urrezko Aizkorako finalean, leku batzuetan horrela agertu bada ere. Hura erreferentziatzat hartzen dute batzuek, baina garbi dago lana ezberdina dela. Euskal Herrikoan iraupen proba luzea da, lana ez baita txikia, eta txapeldunen Ligakoan lan laburragoak ziren. Hala ere, Atutxa iraupen probara alde nabarmenarekin sartu zen, eta han sekulako astindua eman zion nafar gazteak. Ordura arte bizkaitarra faborito garbitzat hartzen bazuten ere, zalantzak piztu ditu. Bien arteko azkeneko erreferentzia hori bada, aurrekoa txapelketa honetako kanporaketakoa da, eta hura ere Iker Vicentek irabazi zuen, nahiz eta han finaleko lanaren erdia izan zuten. Hala ere, bi faboritoak lasai agertzen dira. «Txapeldunen Ligan huts egin nuen, eta alde batetik lasaitasuna ematen dit horrek, normalean ez dudalako bi aldiz huts egiten. Ongi nago, eta Bilbon jokatzeko gogoz», dio Aitzol Atutxak. Nafarra ere ez da urduri agertzen. «Badakit nire izena asko ari dela agertzen, baina ez nau kezkatzen. Nire aurreneko helburua finalean izatea zen, eta hori lortu dut, eta kanporaketan aurrena geratuta. Horrek beti indarra ematen du, eta Txapeldunen Liga irabazteak ere bai. Ni oso ongi nago eta nirea egiten badut, badakit ongi ibiliko naizela», dio Iker Vicente gazteak. Lasai Mikel Larrañaga ere lasai dago. Berak hirugarren postu hori dauka begiz jota. «Behin finalean sartuta ez naiz joatearekin bakarrik konformatzen. Gustura ari naiz lanean, entrenamendu onak egin ditut, eta ahalik eta gorenen amaitu nahi dut. Uste dut aurreneko bi postu horiek Vicenterentzat eta Atutxarentzat izango direla, bien artean jokatuko dutela uste dut txapela, eta nik haien atzetik agertu nahiko nuke», dio Mikelek. Baina finalean hiru hauek bakarrik ez dira izango, beste hiru ere arituko baitira, eta haiek ere ezin dira alde batera utzi. Guztien artean eskarmenturik gehien Juanjo Lopezek dauka, bera izango da finaleko aizkolaririk zaharrena. Urte txar batzuk pasatu ditu, Bigarren Mailatik ere egin behar izan du itzulia, baina berriro ere maila nagusiko finalean izango da. Presio gutxi eramango du, eta oso lan ona egiteko gai izan daiteke Lezaungoa. Joseba Otaegik ere ez du eskarmentu faltarik. Berak ere final batzuk ere badaramatza jokatzen, eta zizurkildarra ere ez da Bilbon izatearekin bakarrik konformatzen. «Denok aurrena finalean sartu nahi izaten dugu. Hori da aurreneko helburua, eta behin hori lortuta mailaz hobetu nahi izaten dugu, eta garbi dago helburua ahalik eta posturik onena lortzea izango dela, eta horretara noa», dio gipuzkoarrak. Ugaitz Mugertza, berriz, aurreneko aldiz sartu da finalean, eta mutrikuarrak ere lan ona egin nahi du. «Nire aurreneko finala da, betidanik amestu dudana, eta orain ahalik eta lanik onena egin nahi dut», esan zuen Ugaitzek. Iker izango da orain arte finaletan inoiz aritu den gazteena Iker Vicente izango da orain arte inoiz Lehen Mailako final batean izan den aizkolaririk gazteena. Otsagabikoak 19 urte besterik ez ditu, eta bere aurreneko parte hartzean lortu du, gainera, onenekin azkeneko lehia horretan izateko txartela. Bere norabidea sekulakoa da. Gazte Mailako txapela, Hirugarren Mailakoa, Bigarren Mailakoa, denak bat bestearen atzetik irabazi ditu. Etzikoa ere lortzen baldin badu, beste errekor bat jarriko du. J.L. LANA Etzi eguerdian, 12.00etan, Bilboko Bizkaia pilotalekuan, lanean arituko den aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta beste horrenbeste oinbiko erdibitu beharko ditu.