GARA Euskal Herriko egunkaria
Eskalada

«Zu» bidearen agerraldia Turkiako Dedegol hormatzarrean

Urriaren 3an, Alberto Fernandez eta Gorka Lertxundi gipuzkoarrek behetik zabaldutako marra sortu zuten: 7a eta 500 metro. Bidean, soilik 4 iltze eta 11 parabolt (5 bileretan) utzi zituzten. Horretaz gain, kutsu alpinoko hainbat bide eskalatzeko aukera izan zuten.


Irailaren 23tik urriaren 9a bitartean, Alberto Fernandez eta Gorka Lertxundi gipuzkoarrek Turkian eskalada bidaia interesgarria egin zuten. Sokadak eremu ezberdinetan kutsu alpinoa duten hainbat eskalada egiteaz gain, aukera ederra izan zuten beren “sinadura” hormatzar batean uzteko. Bai, Fernandezek eta Lertxundik Dedegol paretan “Zu” izeneko marra sortu zuten.

Hori guztia aipatu ondoren, Lertxundik onartu digun bezala, bidaia borobila atera zitzaien: «Pare bat urte generamatzan Turkian eskalada bidaia bat egiteko gogoarekin. Laburbilduz, lurralde eder batean bidaia erabat gomendagarria egin dugu. Kalitate handiko eskalada basatiak egin ditugu mendi eder eta oso lasaietan. Eta geure zorionerako, eguraldi bikainaz gozatzeko aukera izan dugu: 15 eguneko antizikloa!».

Bidaiaren kronikari dagokionez, Lertxundik azaldu digu Turkiara iritsi bezain laster, ia atsedenik gabe, eskalatzen hasi zirela: «Ankaran lur hartu eta gero, gure lehen geldialdia Aladaglar mendikatean egin genuen. Parmakkaya izeneko orratzean ‘Orient’ bide polita (280 m, 7b, 7a derrigorrez) eskalatu genuen».

Marraren azken luzea, berez, “Mezza Luna Nascente”-rena da; hots, Oviglia-Larcher eskalatzaile zein bide sortzaileena: «Luze ikusgarria da, eta italiar horiek zabaltzeko duten estiloak asko erakarri gintuen. Horrela bada, egun bateko atsedena hartu eta gero, ‘Mezza Luna Nascente’-n (270 m, 7c, 7a+ derrigorrez) sartu ginen. Hirugarren luzeko (7c) azken segurutik urrun aurkitzen zen sekzio gogor batean hainbat eroriko luzeak izan genituen. Sekzio hori gainditzeko gai izan ez ginenez eta italiarren zabaltzeko estiloarekin txundituta, beherako bidea hartu genuen».

Gipuzkoarrok eskalatzeko gosez zeudenez, hurrengo helburua Guvercinlik mendiaren mendebaldeko paretan, italiarren beste marra bat aukeratu zuten: «Oraingoan, ‘Come to Derwish’ (600 m, 7b, 7a derrigorrez) izan zen; harribitxi bat, alegia. Zazpigarren graduko luze asko ditu, eta seguruen arteko distantzia handiek dardara ederrak eragin zizkiguten. Bederatzigarren luzean, zailtasunak amaitzen diren puntuan, italiarrek ‘slab’ opari bat utzi zuten: Alberto eta biok dozenaka aldiz erori ginen plaka horretan. Neuronarik gabe baina oso gustura, bidetik jaitsi ginen».

Sormen-lan ederra

Oviglia-Larcher sokadaren zabaltzeko erarekin harrituta geratu ondoren, mendilerroz aldatu eta Dedegolera abiatu ziren: «Italiarren estiloak zur eta lur utzi gaitu. Ez dira inondik ere kirol eskalako bideak, konpromiso handia eskatzen duten bide modernoak baizik. Italiarren marrak alde batera utzi eta Dedegol ezezagunera joan ginen. Hormak ezagutu eta han dauden bideak aztertzen hasi ginen. Horretan ginela, Piolaren ‘Suleiman le magnifique’ (320 m, 7b, A0, 6b derrigorrez) igo genuen. Ez zitzaigun bereziki asko gustatu».

Baina eskalatzeaz gain, gipuzkoarrek behetik zabaldutako bideren bat sortzeko gogo handia zuten. Eta urriaren 3an, horren txanda iritsi zitzaien: «Lehen egunean, artesi eta plaka konpaktuak txandakatzen, 120 metro zabaldu genituen. Soka finko batzuk jarri eta jaitsi ginen. Biharamunean, eskalatutakoa jumareatu eta bidea amaitzeko aukera izan genuen. ‘Zu’ deitu diogu: 500 m, 7a, 6c derrigorrez. Plakek eta diedroek aseguratzeko eskaintzen dituzten aukerak baliatuta, soilik 4 iltze eta 11 parabolt (5 bileretan) jarri genituen. Haitzaren kalitate bikainarengatik bide ederra delakoan gaude; guk, bederen, asko gozatu genuen».

Azken bide bat ere eskalatu zuten: «Christian Ravier eta enparauen ‘Byzance’ (500 m, 6c+, 6c derrigorrez). Artelan bat da, eta konpromiso handikoa».