03 NOV. 2016 Hitzen atzeko esanahiei begirada ezberdinetatik heltzeko esperimentua Hautatu hitz bat. Behatu zenbat adiera dituen, ze erabilera izan dituen, zenbat esanahi eman dizkiogun. Ikusi ordezkatzen duen elementuak ze lekua izan duen historian. Eta osatu bilduma bat, hitz horren esanahien kaleidoskopioa. Finean, hori da Irati Jimenezek Txalapartarekin argitaratu dituen hiru liburuxketan egin duena: hitzak biluzi. Dernière mise à jour : 03 NOV. 2016 - 06:30h Amalur ARTOLA DONOSTIA Adiera bat baino gehiagoko hitzak daude, baita historian leku berezia bete duten kontzeptuak edota irribarre txikia aterarazten diguten bitxikerietara garamatzatenak ere. Hiru horietatik apur bat duten hiru kontzeptu (odola, musua eta gatza) hautatu eta ikuspegia zabaltzen ahalegindu da Irati Jimenez Txalaparta argitaletxearekin kaleratu berri dituen hiru aleetan. Esperimentua ez da berria. 2010. eta 2011. urteen artean “Nabarra” kultura eta gizarte gaiak jorratzen zituen aldizkariko zuzendari lanetan aritu zen Jimenez. «Erreportaje asko idatzi nituen, eta hilean behin hitz batean harilkatutako erreportajea egiten nuen: izan zitekeen kolore bat, emozio bat, jaki bat... Ilea, orgasmoa, giltzak...», jarri zuen adibidea idazle bizkaitarrak, eta orain hilabete batzuk horietako hiru hitz hautatu, “Nabarra”-rako egindakoa osatu eta liburuxka formaturako egokitu zituztela zehaztu zuen. Kontzeptu bakoitzari liburuxka bat dagokio, 50 orrialde ingurukoa eta, tipografia ezberdin, maketazio berezi eta argazki handiei esker, aldizkari kutsua hartzen duena. Jimenezen hitzetan, ale bakoitza kaleidoskopio baten tankerakoa da: «Txikia nintzenean kaleidoskopio bat oparitu zidan aitak. Orain efektu bera sorrarazten ez badit ere, orduan begirada zabaltzeko zuen ahalmenak liluratu egiten ninduen eta uste dut liburuxka hauekin berdin gertatzen dela: hitzen gaineko begirada zabaltzeko modua dira». “Gatza” izenekoan, adibidez, gizakiok jaten dugun harri bakarra dela ekartzen digu gogora, baina aipatzen dira ere itsasoa, kontserbak, erromatarrak (ordainsari gisa zerabilten gatza), malkoak, Leintz Gatzagak Euskal Herriaren historian duen lekua, Itsaso Hila, XVII. mendean Bizkaian izandako gatzaren matxinada... «Testu fragmentatuak dira, ez dira oso luzeak» zehaztu zuen Jimenezek, eta idazteko orduan gogoan nerabeak eta gazteak izan baditu ere, edonoren intereseko izan daitezkeela gaineratu zuen. «Testu laburrak izanda, euskara ikasten ari direnentzat ere egokiak izan daitezke, adibidez». Kontzeptuak zabaltzen Txalapartako editore Mikel Sotoren hitzetan, «editore baten betebehar edo aukera da maite dituen liburuak egitea. Beti iruditu zait testu horiek bazutela lekua liburuetan, kontzeptu bat hartu eta zabaltzearen ideia oso interesgarria da». Irakurle gisa argitalpen hauek dakarten informazioa ere «oso interesgarria» dela esan zuen Sotok, eta diseinuak –idazle zein editoreak Esteban Montorio Montiren lana goraipatu zuten– emaitzari «freskotasuna» ematen diola nabarmendu zuen. Sotoren hitzetan, «lasai aski zabaltzen jarraitzea posible litzatekeen» proiektua da Jimenezena eta azken honek, bere aldetik, amaierarik izan ez dezakeela gaineratu zuen: «Zine zuzendari batek esaten zuen pelikulak ez direla bukatzen, abandonatu egiten direla; liburuekin gauza bera gertatzen da». Hizki bezainbeste adiera dituzten «odola», «gatza eta «musua» kontzeptuak “Odola”, “Gatza” eta “Musua”. Hiru kontzeptu horiek hautatu ditu Irati Jimenezek Txalapartarekin argitaratu berri dituen hiru liburuxken protagonista izateko. Aurkezpenean, hitz horien hautaketa hausnartua izan dela azaldu zuen idazle bizkaitarrak: “Nabarra” aldizkariaren zuzendari lanetan zebilela kontzeptu zehatz baten gaineko erreportajeak egitea otu zitzaionean, burura etorri zitzaion lehen hitza “odola” izan zela azaldu zuen. «Hitz harekin egin nuen lehen erreportajea, eta konturatu nintzen odolarekin egin nuen bezala edozerekin egin zitekeela». “Musua” oso barneratua dugun ekintza bat irudikatzen duelako hautatu zuen eta “gatza”, aldiz, ekonomia eta historian izan duen garrantziagatik. A.A.