GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Enkarguzko mundua


Airean dabil Donald Trumpen garaipenaren hondarra. Atsekabea eta nazka, eta ezinegona, eta amorrua, eta kezka, eta samina, mina, ezina. Ezin zenbatu ahal nituzke azken egunetan mundua deritzagun honetan adierazi diren sentimenduak. Argi! Baita aldekoak ere! Baten batzuek bozkatuta irabazi baitu AEBetako showman dirudunak.

Eta lerrook idazten ari naizen bitartean Joseba Tapia ikusi dut aurrera-atzera erredakzioan eta garun txapal honek traizionatu nau. Zer abestuko luke Tapiak Trumpi buruz zerbait egin behar balu? Borobil otu zait. «Eta tira eta Trump, eta tira beltzari...». Obama gaixoa. Eta lelokeriak nireak.

Baina –erabat– boteprontoan –edo punpalasterrean, Euzkitzeri entzungo geniokeenez– doan zutabe honetan ez dut AEBetako hauteskunde berrienei buruzko analisi edo gogoetarik egiteko batere asmorik. Aitzitik, aspaldian entzun dudan adierazpenik disidente-modernoena aintzat hartu nahiko nuke. Dio Bernardo Atxagak, “Gabon Txirrita” antzezlanaren testua oinarri hartuta egin behar zuen berrirakurketaren emaitza izan dela “Lu eta Le” lan berria, baina, egiazki, berrirakurketarik ez, gogoak eman dion teatroa egin duela, aginduak agindu, eta enparauak enparau. Eta oinarri sendo eta ezagutza jantziaz egin gainera.

Eta diot nik, noiz ohituko gara disidentzia halakoetara enkarguzkoa dirudien mundu honetan? Gogoratzen naiz Aznarrez esan zirenez, Rajoyz beraz ere, eta M15 mugimenduaz, eta protestez, eta kezkez, eta amorruez, eta saminez, minez eta ezinez. Eta azkenean, begira zer dugun, Tapiaren kantu batek salba dezakeena baino askoz gehiagorik ez. Eta tira eta Trump!