GARA Euskal Herriko egunkaria
HAUR LITERATURA

Barneko haserrea


Behin baino gehiagotan aipatu izan dugu argitaletxe txikiek egiten duten ekarpen aberasgarria euskal letretan. Baita Iparraldeko argitaletxeen garrantzia batez ere Gipuzkoan, eta neurri txikiago batean Bizkaian, zentratuta dagoen eskaintza osatzeko, ikuspegi ezberdinez eta hizkera ugariagoez osatzeko, euskal letren eskaintza.

“Haserre gorria” lana dugu honen adibide berri bat. IKAS taldekoek bultzatutako bildumetan (berriki Madasa album zoragarriarekin egin duten bezala) euskal haurrentzako eskaintza handitzeko. Liburuko orrietan barna sartu aurretik, irakurleak lan honetako protagonista nagusiak aurki ditzake azalean bertan: Peio eta munstro gorria edo Gauza. Ikusleak aurreikuspen batzuk egin ditzake horrela, are gehiago ematen du Peio ikaratua dugula munstroaren aurrean. Istorioan barneratu ahala, ordea, ikusiko dugu kontua oso bestelakoa dela.

«Peiok biziki egun txarra iragana zuen». Horrela ekiten dio egileak istorioa kontatzeari, horrela eta Peio mutikoaren irudiarekin. Buru makur, zapatilak zikinak, eskuetan pilota eta teniseko erraketa apurtua… Mutikoaren haserrea ez da berehala baretuko, eta are okerrago jarriko da giroa aitak eskainitako espinakak ikustean. Ez omen da hori Peioren gustuko afaria. Aitak orduan ganberara igorriko du mutikoa: «Habil ganberara eta handik itzuliko haiz lasaitu ondoan». Eta hain zuzen, ganberan aurkituko du edo topo egingo du Peiok munstro gorriarekin; bere barnetik, tripetatik, atera den munstro gorriarekin.

Mireille d’Allancek istorio dibertigarria eskaintzen digu; gure sentimenduei nortasuna emanez, pertsonifikatuz. Peioren haserreak, munstroak edo Gauzak, dena apurtzeari ekingo dio, aurrean duen guztia, bai eta Peioren oso gustuko diren hainbat eta hainbat gauza. Eta hortxe izango ditugu biak borrokan, Peio eta bere haserrea, burua eta sabela. «Nn… nahi dukan guztia» egiteko baimena eman dion buruak laster ikusiko du ohe-gainekoa, oheburuko argia edo liburuak bota ondoren Gauzak, munstroak, jostailuen kutxara hurbiltzen dituela bere urratsak. Hurbildu eta bertakoa ere bota eta hausten hasi!!

Kolore sinpleak eta argiak erabiltzen ditu egileak, testu labur eta iradokitzailea ederki osatzen dutenak. Ikusleak, horrela, gertakarien berri jasotzen duen bitartean, ikusi ahal izango du Peioren baitan gertatzen ari den aldaketa. Hasierako haserrea harridura eta azkenean lasaitasuna bilakatuko da; hori bai, munstro gorria kutxa barnean sartu eta gero.

Liburu gomendagarria eta egokia da planteatzen den gaia aztertzeko, haurren jokabidea, edo gurasoena, haserre egoeretan; eta liburu oso aproposa haurrei kontatzeko, erakusteko istorioa orrietako irudien bidez. Alde horretatik eskertzekoa da ere kontakizuna entzungai egotea (IKASen web orrian edo kontrazaleko aurkitzailearen bidez). Agian, akatsen bat aipatzekotan hiztegi aldetik hegoaldekoei arrotz samarrak gertatzen zaizkigun hitz batzuk ageri direla (bakar batzuk), baina liburuaren tonua harrapatzeko beharrezkoak, Peio Gauza kutxatxoan sartu ondoren, ohe-gainekoa eta kotxea eskuetan dituela, eskailera goitik irribarrez ari denean bezala: «Aita? Desertarik badea?». Izan ere, borroka luzearen ondoren, zer postre goxoa baino hobea!!!