21 NOV. 2016 Egutegia Jon GARMENDIA Idazlea Urtarrilarekin Zokoako gotorlekua agertzen da, olatu batek talka egiten du Vaubango jaunak eraikitako harri babesaren aurka. Otsailarekin “Prestige” petrolio ontziak utzitako txapapotea dago ikusgai. Martxoan, jendea euskal preso politikoen argazkiekin. Apirilean ikurrina erraldoia Hendaian, Aberri Egunean. Maiatzean manifestaldi bat Biarritzen, Poliziaren aurrean gazte bat. Ekainarekin “Le Vagabond” itsasontziko arrantzaleak antxoaren xerka. Uztailean Hazparneko errebote jokoa. Agorrilak dantzari bat du argazki; irailak haur bat sarezko horma bati atxikia Palestinako Ramalahn. Urrian uso ehizan dabiltzan hiru ehiztari Saran. Azaroak demoen ekintza bat ageri du, Baionako presondegian isuritako odola irudikatu nahiz margo gorria. Abenduan, azkenik, Joan Paulo II.a aita santua. Seaskako 2017ko egutegia da, eta argazkiak Bob Edmerenak dira, urtero argazkilari bati eskatzen baitizkio Seaskak biziki ezaguna egin den egutegirako. Bueno ba, polemika sortu du, anitz direlako halakorik saldu nahi ez eta itzuli dutenak. Presoen irudiak eta manifena omen dira aitzakia. Niri, emakumerik ez agertzeak ematen dit min, edo aita santuak bestela, baina zentzugabea da zentsuratzaile bihurtzea, ezta?