Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
DONOSTIA
Surfa

Sunset, Maui eta Pipeline:Hiru lehiaketa urtea amaitzeko

Munduko lehiakide onenak Hawaiin dira egunotan. Triple Crown itzuliko lehen txapelketa John John Florencek irabazi zuen Haleiwan. Aste honetan Mauieta Sunseteko txapelketak egingo dira, eta, urtero bezala, txapelketen sasoia Pipelinen amaituko da.

Aurten, bai nesken bai mutilen kasuan, munduko WCT titulua jada erabakita dago, Tyler Wright eta John John Florence izan baitira 2016ko WSL txapeldunak. Gauza bera gertatu zen 2010. urtean ere; orduko hartan Stephanie Gilmore eta Kelly Slater ziren itzulia amaitu aitzin munduko titulua eskuratu zutenak.

Orain, neguko itsaskiekin, Hawaiin dira munduko surflari hoberenak, han izango baitira urtea amaitu aitzin txapelketa garrantzitsuenak. Horien artean hiru lehiaketa dira ikusmin handiena sortzen dutenak, alegia, Triple Crown itzulia osatzen duten txapelketak.

Triple Crown

Hiru txapelketak osatzen duten zirkuitu txikia da Triple Crown entzutetsua. Oahu uharteko iparraldean dago munduko olatu bortitzenetakoak dituen eremua. Kilometro oso gutxian surf egiteko leku bikain ugari biltzen dituen eremu hori North Shore izenarekin bataiatu zuten surflariek.

Haleiwa, Sunset eta Pipeline Banzai dira zirkuitu labur hau osatzeko aukeratutako lekuak. Lehen bi txapelketek QS kategoria dute, baina 10.000 puntukoak dira, alegia bigarren mailan izan daitekeen puntu kopuru handiena. Azken txapelketa berriz, Pipeline Banzai olatu famatuan egiten dena, CT zirkuituko azkeneko proba da.

Beraz, maila goreneko txapelketek osatzen dute zirkuitu txiki hau, eta, ondorioz, noski, garrantzia handia du. Hiru probetan emaitza onenak lortzen dituen surflariak jasotzen du surflarien artean estimu handikoa den Tiple Crown koroa.

Koroa hirukoitza aldi gehienetan irabazi duen surflaria Sunny Garci da. Guztira sei bider irabazi du Koroa Garciak (2004, 2000, 1999, 1994, 1993 eta 1992. urteetan). 2000. urtean, gainera, munduko titulua ere irabazi zuen surflari hawaiiarrak. Orain ordea, zirkuitu hau azkenekoz egingo duela iragarri du Garciak.

47 urteko surflariaren esanetan, ziur aski munduko titulua irabazi zuen urtean baino egoera fisiko hobean dago gaur egun; izan ere, egun triatloietan parte hartzen du, asko entrenatzen da eta gorputza asko zaintzen du. Baina hainbeste urteren ostean, noizbait adio esan behar eta ordua iritsi dela iritzi dio Garciak.

Florence koroaren bila

Triple Crown itzuliko lehen txapelketa jada egina da. Joan den astean amaitu zen eta John John Florence hawaiiarrak irabazi zuen. 2011. urtean Florencek irabazi zuen Triple Crown zirkuitu famatua, hemeretzi urte baino ez zituela, eta horrela, surflarien artean sekulako ospea duen koroa inoiz irabazitako surflari gazteena bilakatu zen Florence.

2013. urtean bigarren aldiz lortu zuen Koroa hirukoitza Florencek, eta aurten WSL munduko titulua eskuratu duen arren, koroa hirugarrenez irabazi nahi zuela iragarri zuen eta, agidanez, bide onetik doa.

Bigarren postua Federico Morais portugaldarrak eskuratu zuen Haleiwan. Garaipen honi esker hemezortzi postu egin zituen gora QS rankingean Moraisek eta egun hamargarren postuan dago. Datozen bi probetan ere emaitza onak lortzen baditu datorren urtean CT mailan lehiatzeko moduan izango da Morais.

Hirugarren postuan geratu zen Marc Lacomare frantsesak ere bultzada garrantzitsua jaso zuen QS rankingean. Haleiwan lortutako postuari esker 31 postu gora egin zituen eta egun 21. postuan dago.

Joan Duru lehen mailara

Haleiwan finalera iritsi ez zen arren, emaitza on bat lortu eta rankingean gora egin duen lehiakideen artean Joan Duru aipatu behar da. Landetako surflari hau QS rankingean bigarren postuan da; beraz, datorren urterako lehen mailan izango da.

Duru oso ezaguna da Lapurdin; izan ere, bere ama Donibane Lohizunekoa da, lagun asko ditu Euskal Herrian eta sarri aritzen da surf egiten inguruko urautsietan.

Maui, Sunset eta Pipeline

Triple Crown itzuliko bigarren txapelketa Sunseteko eskuin olatu famatuan egiten ari dira eta datozen egunetan amaituko da. Hortaz, laster jakin ahal izango dugu aurtengo Triple Crown itzulia irabazteko hautagaiak nortzuk diren.

Bestalde, lehen mailan (CT), urtea amaitu aitzin bi txapelketa falta dira egiteko: bata mutilena da, Triple Crown itzuliko azken lehiaketa, Pipelineko urautsian egiten dena. Bestea, nesken CT itzuliko azken lehiaketa da, egunotan Mauiko uhartean dagoen Honolua badiako eskuin olatuan egiten ari direna.