30 NOV. 2016 IKUSMIRA Zerbaitek huts egin du Xole ARAMENDI Kazetaria Iritsi da urteroko zita, abenduaren hasierak berarekin dakarrena, aurten inoiz baino goizago, gainera. Ostiraletik asteartera Durangorako bidea hartuko dugu askok. Urtean behingo «tradizioen» zale gara euskaldunak. Aspaldi ikusi gabeko aurpegiak agurtu, liburu eta disko artean ikusmiran ibili –beti erortzen da zerbait–, gustuko idazle eta musikarien sinaduraren bat lortu, lagunartean gaugiroaz gozatu... nork bere agenda du «mikrokosmos» berezi honetan. Azokara urtero joaten direnei luzatutako gonbidapena egin dute aurten ere Gerediaga elkarteko kideek. «Zuei esker da Azoka arrakastatsua, zuei esker jarraitzen dugu hobetzen, edo saiatzen behintzat», zioen Nere Mujikak hedabideen aurreko aurkezpen ekitaldian. Eta gonbidapen berezia egin diete Azokan inoiz izan ez direnei. «Etorri. Ezagutu. Azokara etortzea merezi du. Gozatuko duzue», azpimarratu dute. Inor konbentzitu behar bada, txarra. Zerbaitek huts egin duen seinale. Hortxe dago gakoa, sekula joan ez direnek merezi duela sinestean. Orain arte Azokara hurbildu ez direnak nola erakarri? Ez erdaldunak bakarrik, baita euskaldunak ere. Edo batez ere euskaldunak. Makina bat baitago Azokaren urteroko gonbidapenaren aurrean paso egin duena. Goazen harago. Zer egin urte osoan euskal kulturaren berri izan dezaten? «Eurena» senti dezaten? Kontuan izanda gakoa ez dela sortzea eta egitea bakarrik, baita hori zabaltzea eta transmititzea ere. Zein erantzukizun dute kontu honetan kultur politiken arduradunek? Zein, sortzaileek eurek? Zein, editoreek? Zein, irakasle eta kazetariok? Bada zer pentsatu eta zer egin.