10 DéC. 2016 HELDUEN LITERATURA Iristeko ahalmenaren sintesia Ariane KAMIO Goialdeko izenburutxoan helduen literaturatzat hartzen du kritikari honek Uxue Alberdik eta Maite Gurrutxagak ondutako “Besarkada”. Album ilustratu bat behingoagatik literaturaren gorenera eramatea, zergatik ez, hitz gutxiko baina esanahi handiko oparia baita berezitasunetik asko duen alea. Besarkada baten ibilbidea da Alberdik letra bidez, eta Gurrutxagak irudien gainean, proposatzen dutena. Iradokizun bat da, eskakizunetik askaziorainoko gorabehera sinbolikoa. Haize ufada bat irakurlearen begietan, baita azalean ere. Eta belarrietan, musikatua izan baita koplatan egindako bidea eta animaziora jaurtia irudiaren gelditasuna. Hitz masa biribila da, kiribil, borobil, oro bil. Irudi metaforikoak ugariak dira, naturari erreferentzia egiten diotenak. Sarrera moduko bat, iradokizun bat, gonbidapena, zabalik dagoen esku bat, begirada bat, haize ufada, kilima bat, keinu baten ibilbide bat. “Besarkada” sotila da. Samurra. Haur baten begiradara jaistea behartzen zaituena, heldutasunaren garaieretara igoarazteko gero eta aspaldian ahanzturatik erreskatatu ez duzun besarkada baten beharrari eustera eramaten zaituen mugimendu askea. Literatura letra larriz idaztera ausartzen garen egunotan, gero eta mardulagoak diren lanak are gehiago prestigiatzen diren garaiotan, “Besarkada” esateko eta iristeko ahalmenaren sintesia da. Opari bat baino areago, beharrizan baten laburbiltze osoa. Bikaina.