GARA Euskal Herriko egunkaria
Eskalada

Yosemiteko hormetara aro berri bat iritsi ote da?

Era askeko makina bat eskalada egin dira udazkenean zehar eta protagonista guztiak europarrak izan dira. Pete Whittaker britainiarra da horietako bat eta sekulako balentria lortu du: lehen aldiz sinatu du bide bat bakarka, era librean eta egunean Kapitaina hormatzar mitikoan. «Freerider» da eskalatu duen bidea.


Inolako zalantzarik gabe, Yosemiteko udazkeneko denboraldian protagonista nagusi bat izan dugu: Adam Ondra. Txekiarrak Kapitaineko “Dawn Wall” bidean egin zuenaz luze eta zabal hitz egin dugu. Modu batera edo bestera, eskalatzaile gazteak garai berdinean beste kide batzuek egin dituzten jarduerak bigarren maila batean utzi ditu.

Eta onartu behar dugu beste “protagonista” horiek ere goi mailako eskaladak egin dituztela. Den-denak, gainera, Kapitaina pareta sinboliko eta historikoan. Eta guztiek egin diote uko ohiko eskalada artifizialari hormatzar enblematiko horretan. Horrekin esan nahi dugu batzuek bideak askatu egin dituztela, eta, besteek, era askeko errepikapenak egin dituztela. Adibide batzuk jarriko ditugu. Ondraz aparte, Jorg Verhoevenek “Dihedral Wall” (8b+) bidearen era askeko lehenengo errepikapena egin du; soilik bost egunetan. Barbara Zangerl eta Jacopo Larcherrek “Zodiac” bidearen (8b) hirugarren igoera sinatu dute. Sebastien Berthe, berriz, “Heart Route” bidearen (8a) lehen errepikapenarekin egin da. Eta ezinbestean aipatu beharreko beste eskalatzaile bat Pete Whittaker dugu. Britainiarrak “Freerider” marra (7c) bakarka, era askean eta egunean igo du.

Horrek guztiak Yosemiteko adituak (kazetariak, historialariak zein eskalatzaileak) hausnartzera eraman ditu. Eta ateratako lehenengo ondorioa honakoa da: Yosemiteko hormatzarretan, batez ere Kapitaina mitikoan, aro berri bat zabaldu da. Eta “inbidia” pixka batekin gehitu dute garai berrion protagonistak ez direla etxekoak (hots, estatubatuarrak), baizik eta europarrak.

Agian, esandako guztia hausnarketaren lagin txiki bat besterik ez da oraindik. Ikusi beharko da datozen urteotan aipatutako norabide horrek jarraipena izango duen. Baina argi dagoena honakoa da: amaitzear den udazken honetan Kapitaina mitikoko bideek ikuspuntu ezberdin baten agerraldia ezagutu dute.

Aipatu ditugun jarduera guztiok lerrootan xehatzea ezinezkoa denez, saiatuko gara batzuk bederen era zabalagoan jorratzen. Eta lehen protagonista Whittaker izango dugu. “Freerider” eskalatzeko soilik 20 ordu eta 6 minutu behar izan ditu; aipatu dugun bezala, bakarka eta era askean. Hori egiten lehena izan da, eta, berriro diogu, ez da estatubatuarra, britainiarra baizik. Whittakerrek era askean igotzeko biderik “errazena” aukera zuen: Huber anaiek 1998. urtean sortutako “Freerider”. 37 luze ditu eta 7c zailtasuna. Marra hori, berez, ezagutzen zuen; izan ere, duela pare bat urte flash eran eskalatu zuen.

Lehen urratsa azaroaren 9an egin zuen, arratsaldeko hiruretan. Udazkeneko gauek eskaintzen dituzten baldintza egokiak aprobetxatu zituen, eta, biharamunean, goizeko hamaiketan, gailurrean zegoen. Gogora dezagun duela hiru urte Verhoevenek lau egun behar izan zituela bide hori igotzeko; beraz, britainiarrak eginiko eskalada txapela kentzeko modukoa da.

Teknika hobetzen

Whittakerrek eskalada estilo horretan apenas zuen eskarmenturik: «Kapitaina horman bide bat bakarka, egunean eta era askean igotzen lehen eskalatzailea izan nahi nuen. Horretarako handik eta hemendik informazioa eskuratu nuen. Baina balentria hori lortu ahal izateko, jakin banekien teknika ezin hobeto menderatu behar nuela. Eta nik ez nuen esperientziarik. ‘Freerider’ aukeratu nuen: kilometro bateko bidea. Ez da marra oso zaila, baina eskalatu dudan bideak oso estilo berezia eskatzen du: luze guztiak sokaburu gisa egiten dira, ondoren eskalatutako luzea rapelatu egiten da, gero berriro luze hori jumareatzen da eta petatea igo behar duzu. 1.000 metroko eskalada da, baina maniobra horietan guztietan milaka mugimendu egiten dira».

“Freerider” estilo horretan igotzeko, britainiarra luze bateko bideetan entrenatzen hasi zen: «Teknika guztiak neure kabuz ikasi ditut; hots, ez dizkit inork irakatsi. Lehenik eta behin, Peak Districk (Ingalaterra) natur parkeko luze bateko marretan hasi nintzen. Baina jakin banekien ‘Freerider’ bidean arrakasta izateko, bide luzeetan ere jardun beharra nuela. Horretarako Squamishera (Kanada) joan nintzen. Hango eskaladetan neure buruarekin harritu nintzen; izan ere, bakarkako eskalada oso azkarrak egin nituen. Nire bilakaera ikusita, bizkar-zakua berriro egin eta Yosemitera abiatu nintzen».

Argi eta garbi zuen Kapitaineko bide bat bakarka, era askean eta egunean igotzen lehena izan nahi zuela: «Oso lehiakorra naiz, eta ziur aski horregatik murgildu nintzen abentura honetan. Sokakidearen lan guzti-guztiak nik neuk egin behar izan nituen: aseguratzeko kontuak, sokaren gestioa, luze guztien garbiketa... Eta den-dena era askean».

Bakarkako jardueretan murgildu aurretik, eskalatzaile britainiarrak onartu du estilo hori ez zuela ulertzen eta menderatzen: «Aitortu behar dut urtearen hasieran teknika horri buruz ezer gutxi nekiela. Are gehiago esango nuke: ez nuen batere ulertzen. Baina informatzen hasi nintzenean teknika hori di-da batean ikasi nuen. Uste dut azken urteotan grit-eko eskaladetan gri-gri-a erabiltzeak asko lagundu nauela. Gailu horrekin ondo moldatu naiz, hori uste dut behintzat, batez ere mugimendu estresagarrietatik onik atera naizelako. Uste dut estilo horretan eskalada eraginkor bat aurrera eramateko bisualizazioa ezinbestekoa dela. Gauzei gertatu baino lehen hartu behar diezu aurre».

Whittakerrek oraindik gogoan du bakarkako teknika hori indarrean jarri zuen lehendabiziko aldia: «Errepikapenik ez zuen E8 batean izan zen. Bidea soka gainetik eskalatu nuen, baina konturatu nintzen gailuarekin ez nintzela batere eroso sentitzen. Finean, erabili nuen soka sistema kaka hutsa izan zen. Alabaina, eskarmentua ondo atera zen. Ondoren, HVS zailtasuneko beste bide batzuetan entrenatu nintzen».

Lerrootako protagonistak Andy Kirkpatricken “My Myself and I” liburua lau aldiz irakurri zuen. Orduan, bakarka eskalatzeko Silent Partner gailua erosi eta erabiltzen hasi zen: «Andyren ideia asko jaso nituen, baina nire beste batzuk gehituz. Horrela erronka biderkatu egin zen. Yosemitera joan nintzenean, lehenik eta behin hainbat kiderekin eskalatu nuen. Azken aste eta erdian, berriz, bakarkako eskaladak egin nituen. ‘Freerider’ eskalatzen ari nintzen bitartean, ohartu nintzen lana biderkatzen ari zitzaidala eta alboan ez nuela inor motibatzeko. Baina ‘mamu’ horiek alde batera utzi eta eskaladan erabat kontzentratu nintzen. Aitortu behar dut era eraginkorrean jardun nuela. Eta ez soilik eskalatzen, baita maniobra guztiak egiten ere. Jakin banekien ezin dela akatsik egin».

Amaitzeko, eskalatzaile britainiarrak onartu du “Freerider” bidean historia egin duela: «Squamishen eskalada gogorrak egin nituen, Yosemitekoak baino zailagoak alegia. Eta horrek konfiantza eman zidan. Baina argi daukat Kapitainekoa beste era bateko erronka izan zela: neure helburua lortu dut».