17 DéC. 2016 Aizkora Elorriagak eta Ugarteburuk marka onak egiteko gai direla erakutsi nahi dute J.L. Ugarteburu eta Elorriaga izango dira biharko bi protagonista handi. Aurrenekoak 60 urte ditu, eta bigarrenak 63, eta biek adineko marka bat jarri nahi dute, 60 urtetik gorakoek orain arte egin ez dutena. 20 kana-erdiko ebakiko dituzte txanda librean eta horrela marka berri bat jarri nahi dute. Biak ere Euskal Herriko eta Gipuzkoako Lehen Mailan ibilitako aizkolariak dira. Oraindik erakustaldiak eginez jarraitzen dute, eta marka eder hau egin nahi dute bihar, 12.30etik aurrera, Zumarragako plazan. Urrezko Aizkora Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan jokatuko dira Urrezko Aizkorako Kopako eta Urrezko harri-jasotzaileen hirugarren eta azkeneko finalerdiak. Saioa bihar jokatuko da, 12.30etik aurrera. Jon Rekondo, Ugaitz Mugertza eta Joseba Otaegi izango dira lanean arituko diren hiru aizkolariak. Bakoitzak hamabina kana-erdiko erdibitu beharko ditu, eta aurrenekoak bakarrik lortuko du finalean aritzeko txartela. Atutxa II.a eta Iñaki Azur- mendi jadanik finalean daude, eta bihar jakingo dute zein den azkeneko lehiakidea. Eta Urrezko harri-jasotzaileek ere azkeneko finalerdia jokatuko dute. Bertan, Joseba Ostolatza, Iñigo Eizagirre eta Izeta IV.a izango dira lanean arituko diren hiru kirolariak. Bakoitzak 150eko errektangularra, 113ko kubikoa eta 100eko bola erabili beharko ditu. Bakoitzarekin lanean aritzeko bina minutuko txandak izango dituzte. Hemen Izeta II.a eta Eizmendi jadanik sailkatuta daude. Bestalde, atzo aurkeztu zen abenduaren 21ean Donostian jokatuko den emakumezkoen aurreneko aizkorako Urrezko Kopa. Sousa, Izkue, Ariztegi eta Astondoa izango dira lanean arituko diren aizkolariak. Neskekin aizkoran ez da aspaldian lehiaketarik egin, eta urtea bukatzeko bat izango dute. Lehen, Euskal Herrikoa ere izan zen, baina aspaldian ezin izan da horrelakorik antolatu.