22 DéC. 2016 Aizkora Maika Ariztegi nafarrak eraman du emakumezkoen aurreneko Urrezko Kopa Iturengo aizkolari beteranoak azkeneko enborrean hartu zion aurre IruneIzkue gazteari. Atzetik Irati Astondoa eta Xanta Sousa sailkatu ziren. Dernière mise à jour : 22 DéC. 2016 - 06:35h Jon LEUNDA Maika Ariztegik irabazi zuen atzo Donostian jokatu zen emakumezkoen Urrezko Kopa. Aurreneko aldiz jokatu da lehiaketa hau, eta jendearen erantzuna ikaragarria izan zen, sekulako jendetza batu baitzen Trinitate plazan, bertako harmailak erabat betez. Lau aizkolari lehiatu ziren, eta bakoitzak oin bateko bost enbor moztu behar izan zituen. Ariztegiren eta Izkueren arteko dema izan zen, eta oso lehia polita izan zuten. Bi aizkolari nafarren arteko borrokan, bietan beteranoena izan zen nagusi, nahiz eta azkeneko enborrean erabaki zuen norgehiagoka. Irati Astondoa hirugarren sailkatu zen. Bizkaitarra ahalegindu zen aurreko biei jarraitzen, baina hori ezinezkoa zuela ikusi zuenean, hirugarren postu horri eusten saiatu zen. Xanta Sousa zen guztietan berriena, eta Lesakan bizi den brasildarrak itxi zuen sailkapena. Ez zuen lan txarra egin, hala ere. Orain pentsatzekoa da datorren urtean Euskal Herriko Txapelketa ere jokatu daitekeela, oraindik eta neska aizkolari gehiago bai baitaude. 11 minutu eta 48 segundo behar izan zituen Maika Ariztegik lan guztiak burutzeko. Atzetik, Irune Izkue (12.16), Irati Astondoa (15.07) eta Xanta Sousa (16.11) sailkatu ziren. Bizkaiko finala Bilbon, berriz, Bizkaiko Lehen Mailako finala jokatu zen, eta ez zen inongo ezusterik izan, Aitzol Atutxak aise irabazi baitzuen. Bizkaian ikaragarrizko aldeak daude Euskal Herriko txapeldunaren eta gainerakoen artean, eta atzokoan ere hori agerian geratu zen, Dimakoak zuen guztia eman beharrik ez baitzuen izan txapela lortu ahal izateko. Final hau ikusteko ere jende asko batu zen. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, bi 60 ontzako eta beste horrenbeste oinbiko erdibitu behar izan zituen. Atutxak hasieratik hartu zuen aurre, eta gainerakoei ez zien inongo aukerarik eman. Besteek ere bazekiten saioa hasi aurretik lehen postua ezinezkoa izango zutela, eta bigarren postuarengatik lehiatu beharko zutela, eta hor borroka polita izan zen, nahiz eta lehen postutik oso aparte geratu. 24 minutu eta 34 segundo izan zen Aitzol Atutxaren amaierako denbora. Hurrengo hiruren artean, bi minutu pasakoa bakarrik izan zen tartea. Atzetik, Irazabal (37.01), Bihurri (38.13) eta Mendieta (39.19) sailkatu ziren. Beraz, txapel bat gehiago jantzi zuen Aitzol Atutxak, eta amaitzera doan urte hau ere bikaina ari da izaten, jokatu duen guztia irabazi baitu. Hala ere, aurtengo urtea amaitzeko beste final bat jokatzea geratzen zaio, eta hori urteko azkeneko egunean izango da, Asteasuko pilotalekuan jokatuko baitu Urrezko Aizkolarien Kopako finala. Atzo Bilbon bertan jokatu zen Bizkaiko trontzalarien finala ere, eta Izpizuak eta Zubizarretak lortu zuten garaipena. Bikote bakoitzak hamalau epai eman behar izan zizkion kana-erdiko bat etzanda jarritako enborrari, eta zutik jarritako 45 ontzako enborrari, berriz, sei. 9 minutu eta 8 segundo behar izan zituzten irabazleek lanak egiteko.