GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Mendeurrenak hegoaldera begira


Korapilatsua datorkio urtea Putini. Bere sustrai politikoetan dituen zutarri nagusien artean inkaminak egitera behartuko baitute 1917ko iraultzen mendeurrenek etxean. Eta amaitu berri dugun urteak utzitako agenda osoa zabalik izango du, bitartean, atzerrian. Baina, porrotak konpontzea baino erosoagoa izaten delako beti ere garaipenak kudeatzea, egia konplitua da baikor agertzeko motiboak badituela. Hamabost hilabete igaro ondoren, Siriakoa da ez askok iragarri zioten hilobia, bere kapital politiko eta diplomatiko emankorrena baino. Gaurkoz.

Agian horregatik antzeztu ahal izan du (hala iruditu zait behintzat niri) Lavrov ministroarekiko «ezadostasun» imintzio hori, Obamaren azken ostikadaren aurrean, hiru aste barru hura ez baita egongo Etxe Zurian. Eta, gainera, oso buru argia duela bota dio Trumpek. Balio duen prezioan hartu behar luke lausengua. Tuntuna behintzat ez delako, eta gainera inguruan aholkulariak ere izango dituelako, gogoan izan behar luke nazioarteko harremanen axioma gorena: herrialdeek (batez ere, handiek) ez dute adiskiderik; interesak dituzte, soil-soilik. Eta AEBen eta Errusiaren interesak ez dira adosten errazak oraintxe bertan.

Begien bistakoa da, aldiz, Iranekiko aliantza eraginkorra dela. Eraginkorregia. Alepo da froga: teknologia ipini du batak, antolamendua besteak; odola, beste batzuena izan da ia dena. Garaipena ere erdibana doa: diplomatikoki, Errusiak kapitalizatu du, Erdogan eta haren esanekoak Astanarako bidean ipiniz, Assadekin batera; militarki, Iran da garailea, zalantzarik gabe, bere leialekin: Mediterraneorainoko korridore xiita gero eta argiago ageri da mapan. Al-Sissi ere gonbidapenaren zain dagoela dirudi…

Errusia eta Iranen arteko aliantza hori haustea komenigarria ez ezik lehentasunezkoa da jada askorentzat: Saudi Arabia, Israel, Erresuma Batua, Frantzia… eta Estatu Batuentzat. Obamarekin nahiz Trumpekin.

Duela ehun urtekoaren ifrentzua da, hein batean.