06 JAN. 2017 IKUSMIRA Jakin dezan Ariane KAMIO (Euskal) kazetaria Semeari begira jarri natzaio. Hitz pare bat egin nahi izan dizkiot. Jakin dezan. Ez dadila izan inork ez diola ezertaz ohartarazi. Edo gizarte anabasaren burbuilan irentsita egonik ere, txikia bezain aberasgarria izatea helburu duen jakituria apurra bere baitan izan dezan. Ez diot esan etxean erratza pasa behar duenik. Ez diot agindu bazkalondoan mahai gaineko platerak jaso behar dituenik. Ez diot iradoki pixa komunean eserita egin behar duenik. Ez diot gogorarazi bere arropa zikinak garbigailuko zuloan bota behar dituenik. Ez diot erakutsi xaboia bota eta zein botoi sakatu behar duen makina eragiten has dadin. Ez eta dilistak sutan zenbat denboran izan behar dituen ere. Ez diot hautsak kentzeko trapua eskura eraman eta ez diot azaldu leihoak garbitzerakoan zer den komenigarriagoa egitea orbanik gera ez dadin. Ez diot komuneko zuloan eskua sartzeko mandatu, eta ez dut belauniko lurra argizariz garbitzera behartu. Ez diot esan, agindu, iradoki, gogoratu, erakutsi, azaldu, mandatu, behartu. Nik neuk ez baitut sekula halako irakaspenik izan. Eta ez ditut nire alabak ere horrelakoetan oraino nahastu. Ez dut sekula etxean feministarik entzun, baina bai ikusi. Teoriaz harago, sukaldean ikusi dut beti aita, supermerkatutik etxera poltsak alboan, goizetako gosaria prestatzen, eskola gaietan kezkatuta, medikuarenera laguntzen. Lau hilabeteko semeari begira jarri natzaio. Eta hitz pare bat egin nahi nizkioke, ulertuko balit, jakin dezan, berdintasuna zer den ikasten hastea behar lukeela bere lehenengo betebeharra, gizarte anabasaren burbuilan egonik ere, bere zakilak ez liokeelako ororen gaineko botererik eman behar.