07 JAN. 2017 HELDUEN LITERATURA Axolagabekeriak irabazten duenean Iratxe ESPARZA Begi zorrotzak eta pentsamendu irekia dira Michel Houellebecqen liburu harrigarri hau irakurri, dastatu eta gozatzeko bi gako. Françoise da eleberriaren protagonista, J. K. Huysmansen –inguruari gordintasunez eta atsekabez begiratzen zion idazle frantsesa– obrari buruzko tesiaren egilea eta Parisko Sorbonan bokaziorik gabeko literatura irakaslea, bera baino gazteago diren ikasleekin oheratzen dena. Etsipenez ere hartzen du Françoisek egokitu zaion garaia, eta Huysmansen obretan hainbeste urtetan murgildu ostean horren bizipenak esperimentatu behar ditu bere existentzia justifikatzeko. Ondorioz, hasiera batean politikari eskaintzen dion arreta murritzari protagonistak jasandako bilakaera azkarra kontrajartzen zaio, besteen erabaki politikoek baldintzatuko baitute bere jokaera. Frantzian gaude eta mendebaldeko herrialdeen hautatze sistema, zentro-ezkerreko eta zentro-eskuineko hautagaien arteko txandakatzea, bukatzear dago. Hauteskundeak iragarrita daude eta oreka puskatuko duten istiluen beldur, Françoisek Paristik ihes egiten du; hala ere, itzultzean Mohamed Ben Abbes, Anaiarte Musulmanaren alderdiaren burua, lehen ministro izendatzen dute. 2022. urteko Paris-Sorbonan unibertsitate islamikoaren estatutu berriak ezarri dira, emakumeak prakak janztera behartzen dituzte, islamera bihurtuz gero irakasleei (gizonei) eskainitako soldatak erakargarriegiak dira uko egiteko, gizarteak poligamia onartzen du, irakaskuntza salgai dago, eta emakumeak lan-merkatutik ateratzea erabakigarria da langabezia murrizteko eta familia instituzioak aspalditik galdutako erdiguneko paper estrategikoa berreskuratzeko. Houellebecqek eraikitzen duen distopia handi honetan, gailendutako sistemak Françoise xurgatzen du; izan ere, erakusten duen harridura (eta ez espero izango genukeen nazka edo gaitzespena) biguntzen doa, eraldatzen, sistema politiko berriaren onurak disfrutatzen hasten denean. Azken finean, gizon desiragarri bihurtuta, sumisioa onartzea, bizimodu xumetik ateratzea ez ezik, mugarik gabeko materialismoak ahalbidetzen dituen edertasunerako eta plazer sexualerako bidea eta boterea lortzea ere bada. Hala, Houellebecqek irudikatutako etorkizuneko gizarte posibleak aztoratzen gaitu, agian espazioan oso gertu usaintzen dugulako. Alderdi totalitarioek gizarte totalitarioak eraikitzen dituztela esatea ez da berria, ezta fikzioaren bidez literaturan islatzea ere (“1984”, “Bai mundu berria”, “Fahrenheit 451”); “Sumisioa” liburuan, aldiz, protagonistak ez du bidegabekoa den sistemaren kontra egiten, ez da konfliktoan sartzen bere buruarekin eta plazerezko bizitza onartzen du inolako damurik gabe. Alabaina, kolektibitate bezala hartuta, liburuan fokalizazioa ere emakumeari dagokiolako nire irakurketan distopia feministaren ideia azpimarratuko dut: Frantzian, aldaketa politikoa gertatu baino lehen, jadanik emakumeek jasaten zuten egoera menpekoa zen, eta Anaiarte Musulmanak boterea lortzen duenean joera hori muturrera eraman eta areagotzen da; beraz, erraz ikusten da gizartearen eta heziketaren sumisioari esker inposatutako dogmak eta arauek generoen arteko botere harremanak sortzen dituztela. Fikzio politikako eleberri argigarri honek gaur egungo sozialdemokraziaren hipokrisia sinbolizatzen du eta gizakiaren alienazioa gogorarazten digu Europa osoko gainbehera satirizatuz eta orrialde bakoitzean xuxurlatuz: kontuz, sumisioak makurtzen zaitu.