07 JAN. 2017 poesía Epelkeriarik gabeko epeltasuna Iker ZALDUA Mikel Etxabururen uztaldia 2011. urtean hasi zen, “Zu zara orain txoria” izeneko aldarrikapen saioarekin. Gai bera jorratu zuen “Hodeiak zapatetan” lanean, preso egon denaren gogoetak poesiara irauliz. Orduko hartan, baina, aldarrikapena tiraderan utzi eta sentimenduen tonuari heldu zion. Joan berri den urtean iritsi zen “Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak”, bere hirugarren poesia-liburua, Blas de Otero saria barnean zeramala. Kasu honetan ere Etxaburuk tonu apal horri eusten dio. Aldarrikari baino ozenago egiten dio epeltasunari dei: «…Ipurtargiek bezala, guk ere, ez dugu eguzkia helburu, / nahikoa zaigulako gure herrietako farolen epela / elkarrekin bide berriak argitzeko», dio “Ez dugu eguzkia helburu” izeneko alean. Aurreraxeago ere topa daiteke epeltasun hori “Ez sentitzeko izenekoan”: «...epeltasun apur baten bila biltzen gara / hitz egiten duenean bakarrik ez sentitzeko». Hala ere, ez du erabat alboratu besteek agindutako uhinen erritmora bizitzearen aurka egitearen aldarrika. Horren adibide argia da “Sinetsi behar alea”: «Oskoleko durundiarekin konformatzeko eta / itsaso berriak ahazteko esan digute. / Ilargia itzali eta mesanotxeko argia pizteko, / pentsatzeko, eta ez sentitzeko. / Eta guk, harri-koxkorrak bota ditugu erreketara / uhinak sortzeko gai garela / sinetsi beharrean gaudelako». Epeltasuna bai, baina epelkeriarik ez. Erritmo azkarra du liburuak, poemak gehiegi korapilatzen ez dituelako, esanahiari garrantzia gehiago ematen diolako esaldiak apaintzeko ahaleginari baino. Poesia zuzena da, barnean hazi zaizkion gogoetetatik kanporatua. Dena den, irakurleak, interpretazioaren jokoan bide ezberdinak har baditzake ere, badaki idazlea zertaz ari den, idazlearen mezua ez baita ezkutuan geratzen, idazleak berak azaleratu egin nahi baitu esateko duen hori. Aurrez esan bezala, Blas de Otero - Bilbo Uria nazioarteko VIII. Poesia Lehiaketako saria jaso du Etxaburuk liburu honekin. Dena den, saria uztaldi osoak ekarri diola esango nuke nik, nahiz eta bere eskuetara lan honekin iritsi zaion.