GARA Euskal Herriko egunkaria
ZIRIKAZAN

Eskatzea libre


Dagoeneko buru-belarri sartuta gaude 2017. urtean (bide batez, Gabonetako whatsapp-festa eroan bidali zizkidaten txiste onenetako batek honela zioen: «Zer eskatuko diezu erregeei? Joan daitezela!»), eta nik, gizaki hauskor eta ameslariok asko egiten dugun horri jarraiki, zera eskatuko dut urte berri honetan, beste feminista batzuekin elkar hartuta.

Botere publikoek muturreko esku-hartzeak egin ditzaten, ez bakarrik adierazpenak eta elkarretaratzeak, indarkeria matxistaren aurrean. Bortxakeria hori egiturazko arazoa baitugu, ez gaitz bat. Gaitza gaixotasunaren edo ajearen ondorioa da, edo bizio fisiko eta morala. Egiturazkoa, aldiz, osotasunaren atalak elkarren artean erlazionatzen diren modua da, hau da, barneratzea jendartea atal ugarik osatzen dutela, desberdintasunak eta matxismoak kalteturiko atalek. Eta, lagunok, desberdintasunari ez zaio egiten aurre kontzentrazioetan kezkatuaren aurpegia jarriz, goibelarena, baizik eta politika integralekin eta berdintasunaren alde borrokatzeko aurrekontu egokiekin. Eskatzen dut ez gaitzaten erail, ez gaitzaten bortxatu, ez gaitzaten jipoitu… ez dezagun sentitu beldurra kaletik bakarrik gabiltzanean, eta ez gaitezen errudun sentitu emakumeok emakume izate hutsagatik jasaten ditugun erasoengatik.

Botere publikoei besterik ez galdegitearren, eskatzen dut feminismoen baitan gutxieneko itunak ezartzeko gai izan gaitezen. Izan ere, feministok ez gatoz bat gai guztietan, baina oinarrizkoan ados gaude. Horretxegatik, 2017 honetan ona litzateke onartzea, adibidez, sexualitatean ardazturiko kontuetan, prostituzioa edo pornografia, kasu, ikuspuntu desberdinak ditugula, baina ia guztiok gaudela ados erauzi beharreko instituzio patriarkalak direla; beraz, eztabaida alde edo kontra agertzea baino konplexuagoa da. Ekin diezaiogun!

Nola ez, geuretzako denbora gehiago izan dezagun nahi dut. Ez hartu behar izatea gure gain ia erabat etxeko lana, haurren hazkuntza eta heziketa, mendekoen zaintza… Emakumeok askeak izan eta sentitu nahi dugu, eta dibertitu, barre egin eta oraindik ere indarra eduki gure eskubideen alde borrokatzen segitzeko.

Laburbilduta, jabetzen naizenez ez dela erraz desagertuko botere patriarkalaren antolaketa estrukturala, bere soldata-arrailaz, kristalezko sabaiaz, prekarietateez, desberdintasunez, mikro-makromatxismoez, genero-terrorismoaz… pozik egongo naiz 2017. urtean eskaera horiek gauzatzen badira.