GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Salatzen dut


Gaur egun oraindik euskal presoek eta beren senideek pairatzen duten ankerkeria salatzen dut; «borreroen» eufemismoen aitzinean legearen inperioaren pisu guztia ezarriko duela dioen barne ministroa salatzen dut; dispertsioak bere urteen joan-etorrian, denbora zahar-berrituan, bere barnean daraman mendeku eta herra guztia salatzen dut; preso dagoen pertsonaren izaera desegin eta bere militantziaren arrazoiak deuseztatu nahi zituen sakabanaketaren «ideologo» oro salatzen dut; presoak gatibu hartuz gure herria gatibu hartzen duen gobernuburua salatzen dut; salatzen dut halaber bakearen paladina, demokraziaren predikadorea; oinarri juridiko eta legalik gabe kartzela agindua sinatzen duen epailea; gure herriaren oraina eta geroa usteltzera uzten duen agintaria, urteetan bestaldera begira egon den politikaria edo kazetaria; irmoki salatzen dut dispertsioak hildako 16 senideen ahanztura politiko eta kalkulatua; bizi osorako espetxe zigorra ahalbidetzen duen zein larriki gaixo diren presoak kartzelan atxikitzen dituen legedia, zigorraren zigor erantsia salatzen dut; guantanamo juridikoa salatzen dut; senide batek preso den senidea bisitatu ahal izateko urtean munduari 13,2 buelta eman beharraren giza aberrazioa salatzen dut; egun oraindik ere espetxe politika honen logikaren ilogika perbertsoa salatzen dut erabat; iheslari eta deportatuek bizi duten «no man’s land» egoera dut salatzen; inoiz baino zentzugabeagoa delako, etxean egon behar dutelako salatzen dut gure herriari itxaropenerako eskubidea ukatzen dion estatu oro; ezarri nahi duten garaile eta garaituen errelatoa dut salatzen; haserre eta minduta nagoelako, aski dela oihukatu nahi dudalako, egia eta justizia ezin direlako ito, amesten dugun hori ezin delako inoiz hil salatzen dut funtsezko giza eskubideen kontrako estatu politika mendekatzaile hau.

Nire hatz erakuslea jaso eta darabilten indarraren arrazoia salatzen dut ozenki.