13 JAN. 2017 Meatzaleak, Bilbo eta mundua sormenetik ezagutzeko gonbidapena Kultur adierazpide askotariko sortzaileen jakintzaren eta iritzien bidez, Bilbo, Euskal Herria eta mundua kontatzeko egitaraua aurkeztu du Alondegiak. Euskara eta euskal kulturaren sustapenean diharduen Digitalidadearekin batera antolatutako programan askotariko ekimenak daude, berbagai bakoitzari ahalik eta etekin handiena ateratzeko asmoz. Dernière mise à jour : 13 JAN. 2017 - 06:30h Ruben NIETO BILBO Euskara, euskal kultura eta Bilbo ardatz izango dituen Meatzaleak egitarau berria aur keztu zen atzo Bilboko Alondegian. Bertan, Digitalidadea sustapen taldeko kide Gotzon Barandiaranek azaldu zuenez, «gure historia, iragana eta oraina sormen lanetatik kontatu nahi dugu». Horretarako, urtarrilaren 18tik ekainaren 14ra, hilabetero, saio bat izango da, non kultur adierazpide askotariko sortzaileak izango diren. Hausnarketa eta gogoeta egitea helburu hartuta, «sormen lan baten abiapuntua eta prozesua» ere aztergai izango dute. «Lan gogorra izaten da, eta guk erakutsi nahi dugu lan hori. Nondik hasten den sormen lan bat eta zer prozesu daukan atzean». Azaldu zuenez, ilunpetakoak argitara ekartzeko ahalegina da programa honen xedea. Eta horrexegatik baliatu dute meatzearen sinbolismoa egitarauaren izena hautatzean. Barandiaranek azpimarratu zuenez, Alondegia eta Digitalidadearen elkarlanaren ondorioa da aurkeztutako egitasmoa, Mediatekak egindako lana tarteko. «Lanean hasi ginenean, egin genuen lehenengo gauza Bilboko eskaintza kulturala aztertzea izan zen. Argi baitaukagu Meatzaleak osagarria den egitarau bat izan behar dela. Bilbon bestelako kulturgune batzuetan egiten den eskaintzaren osagarria izan behar dela», argitu zuen programa osatzeko prozedura azaltzean Digitalidadeako kideak. Lanketa honen partaide izan da Leire Palacios ere, hilabete bakoitzeko saioak gidatuko dituen kazetaria. Atzokoan, programaren transbertsalitatea goraipatu zuen. «Kartelean ikusi ahal duzuen bezala, hizkuntza, artea, identitatea eta gorputza aipatzen dira. Horiek dira sormen lan bat egiteko beharrezkoak ditugun osagaiak». Askotariko ekimenak Saioen egitura ez da beti berbera izango, hitzaldiak, mahai-inguru didaktikoak, elkarrizketak eta zuzeneko emanaldiak tartekatuko baitituzte. Ikus-entzuleekiko komunikazioa bermatu nahi dute eta, hala, eztabaidagune bat irekiko dute. Ondorioz, formatuak horren mesedetan eraiki dituzte. Hilabete bakoitzeko asteazken batean egingo dituzte saioak. Datorren asteazkenean, urtarrilak 18, lehen gonbidatua entzuteko aukera izango da. Fermin Muguruza musikariak “Bilbao-BCN-Belfast-Berlin-Beirut-Bogot” izenburupean hitzaldia eskainiko du, bere musika ibilbideari errepasoa eginez. Otsailean, berriz, Errota Digitaleko kideak izango dira hizlari. Xabier Landabidea, Gorka Sances eta Koldo Bizkarguenaga hedabideen inguruan arituko dira. Horretarako, Hamaika Telebistako Bilboko erredakzioburu izandako Nagore Uriarte kazetariaren laguntza ere izango dute. Ondoren, Ander Lipus aktorea eta Onintza Enbeita bertsolariaren txanda izango da. Bakoitzak egiten duen jardunean gorputzarekin nola jokatzen duen azalduko du. Hurrengo hilabetean identitatearen inguruan arituko dira Lutxo Egia eta Inun. Ild o berean, apirileko emanaldian, “Identitatearen oihartzuna” izeneko dokumentala aurkeztuko du Iratxe Fresnedak, elkarrizketa baten bidez. Maiatzeko saioan, hirigintza eta sormena izango dute hizpide, eta horretarako Leire Milikua, “Aldiri” aldizkariko arduraduna, eta Ander Gortazar arkitektoa berbalagun izango dira. Ekaineko azkeneko saioak, aldiz, “Artea, identitatearen irudi” izena du, Haizea Barcenillaren eskutik. GAIAREN NEURRIRA Formatuak gaiaren edo hizlariaren arabera egokitu dituzte, horiei ahalik eta etekin handiena ateratzeko. Hala, hitzaldiak, elkarrizketak, zuzeneko emanaldiak nahiz mahai-inguruak tartekatuko dituzte. AZALERATU Euskara, euskal kultura eta Bilbo ardatz hartuta, sorkuntza lanen abiapuntua eta sortze prozesua bera aztertzea du xede egitasmoak. Horretarako, azaleratu egingo dute emaitzak ezkutatu ohi duen ahalegina.