16 JAN. 2017 ZIRIKAZAN Feminismoaren kartzela Josebe EGIA Zirrara eragin dit Sirin Adlbi Sibairen “La cárcel del feminismo” (Akal argitaletxea) irakurri eta pentsamendua unibertsala dela egiaztatzeak, hainbestek salatzen dugun gauza bera salatzen baitu: Mendebaldeko patriarkatua eta pentsaera hegemonikoa, zenbait feminismo horien mende daudelarik. Egile honek ere nabarmentzen du generoa ezinbestean dagoela arrazak eta klaseak zeharkatuta, patriarkatuak sendotu egin dituela alderdi horiek eta, neurri handi batean, feminismo tradizional, zuri eta burgesak alde batera utzi izan dituela. Izenburua edota liburua bera gaizki uler daitezkeela jabetuta, hau dio: «Bada garaia itzulingururik gabe ekiteko behar-beharrezkoak diren hainbat eztabaidari. Horixe eragin nahi dut nire teoriaren bidez: halako zirrara bat egungo ordena kolokan jartzeko». Kartzelaz mintzatzean, feminismo hegemonikoa kritikatzen ari da, ikusezin egiten dituelakoan bestelako feminismoak, Mendebaldeko ikuspuntu kolonialetik aldenduak: «Pentsamolde dekolonialak gogoetatu gabea hausnartzeko aukera ematen digu. Ezin dugu hitz egin feminismoaz eta islamaz gaiaren gaineko diskurtsoek eraikitzen dituzten boterezko harreman eta egiturak bazter utzita». Beloa soinean –halaxe nahi duelako–, feminismoaz mintzatzen da, eta irudi horrek eztabaida zabala eragiten du mugimendu feministaren baitan; haren ustez, ordea, izan dezakeen inplikazio patriarkala ez da, kasurako, Mendebaldeko takoien erabilera baino zanpatzaileagoa, «halakoen atzean, finean, emakumeen gaineko kontrol patriarkala besterik ez baitago». Sibairen iritziz, Mendebaldeko hegemoniak, kapitalismoak eta patriarkatuak egituratu dute islamofobia, «eta generoak zeharkatuta dago; hori gabe, ez dago islamofobiarik». Hiru prozesutan azaltzen du: 1. Nork eragiten du: patriarkatuak, besteak beste; 2. Nori eragiten dio: emakumeei; 3. Nola: emakume musulmana menderatuz. Hain zuzen, emakume musulmana nabarmentze horrek egiten ditu ikusezin eta legitimatzen ditu emakumeak zapaltzeko beste era batzuk, Mendebaldean ere bai. «Basatia ispiluan» kontzeptua dakar azaltzeko: Mendebaldekoei (geuri) beren buruaren irudi asegarria ematen die, emakume askatu, aske eta liberalena, ezkutuan utzita gure jendarte «garatuetan» hiru emakumetik batek indarkeria matxista motaren bat pairatzen duela, eta oraindik desegiteko ditugula zenbait egitura patriarkal oso konplexu, mundu mailako sistema kapitalista deuseztatuta baino ez dena gertatuko. Ez al da hala?