GARA Euskal Herriko egunkaria
ALPINISMOA

Izotz eta mistoko bi bide luze Austriako eremu ezezagunean

Iragan abenduan, Matthias Wurzer, Isidor Popeller eta Vittorio Messinik Hochbirghohe mendiaren ipar-ekialdeko aurpegian «Mehr denn je Hintersee» (M7+, WI6+, 800 m) zabaldu zuten. Poppeller eta Messinik ere «Pinzga stier» (WI5, 1.200 m) marra sortu zuten.


Hochbirghohe mendia (2.767 m) garaieran txikia da eta alpinismoa praktikatzeko ez da batere ezaguna. Hala eta guztiz ere, badira haren “armiarma-sareak” astintzeko prest diren batzuk. Hala, joan den abenduan, hirukote batek ondo baino hobeto jakin du mendiaren ipar-ekialdeko horman zirrikitu izoztuak bilatzen.

Protagonistak honakoak dira: Matthias Wurzer, Isidor Poppeller eta Vittorio Messino. Bada, hirukote hau gai izan da hormatzar horretan izotz eta mistoko pare bat bide oso luze sortzeko. “Mehr denn je Hintersee” da lehena. Alpinistok, abenduaren 8an, 800 metro luze den eta M7+ eta WI6+ zailtasunak dituen marra hori lehen aldiz igo zuten. Handik bi asteta, Poppeller eta Messinok Hochbighohe mendira itzuli eta 1.200 metroko eta WI5 zailtasuneko “Piznga stier” marra ireki zuten.

Messinik aipatu du eremu hori neguko jardueretarako itzalean izan dela: «Hochbirghohe mendia Felbertal haranean dago, Hohe Tauern mendilerroan (Austriako Alpeak). Ibar horretan euri asko egiten du eta pareta tenteak ditu. Baina esan behar dut udan eskalatzeko ez dela eremu oso erakargarria; besteak beste, horma horien arroka kaskarra delako eta belar asko dutelako. Alabaina, neguan mendiak duen hezetasunari eta botatako prezipitazioei esker, izoztuta dauden makina bat marra sortzen dira. Mendira hurbiltzea, ordea, ez da batere erraza; izan ere, errepidea neguan itxita egoten da».

Arrazoi horiengatik, beraz, Hochbirghohe mendiak eta haren ingurumarian dauden paretek orain arte apenas izan dituzten bisitak. Hala eta guztiz ere, azken hiru urteotan egoera hori aldatu egin da. Siegfried Berger-ek eta haren eskaladakide batzuek Felbertal haranean izotzezko 200 metrotik pasatzen ez diren hainbat bide gogor zabaldu zituzten.

Informazio horiei esker, 2013. urtean Poppeller eta Messinik Hochbirghohe mendiaren hormatzar izoztura hurbildu eta saio bat egin zuten. Pareta horren lehena lortu zutenak Dani Arnold eta Mario Walder alpinista entzutetsuak izan ziren; iaz, paretaren marra agerikoena eskalatu zuten.

Pare bat

Abenduaren hasieran, berriz, Poppeller eta Messini itzuli egin ziren; Wurzer ere sokakide zuten. Mendiaren baldintza bikainak ikusita, bigarren saioari ekin zioten: «Hormatzarrak baldintza ezin hobeak zituen. Ez zuen elur asko, eta horrek arrisku objektiboak saihestu zituen. Lehenik eta behin, WI4 graduko izotz jauzi bat (200 m) eskalatu genuen. Ondoren, elur aldats batzuk gainditu eta geure buruan zegoen marraren oinarrira heldu ginen. Hara iritsi bezain laster, ohartu ginen bide horrek eskaintzen zuena ikaragarria zela. Hasteko, Chamonixen dauden ohiko korridoreetako bat. Jarraian, izoztuta zegoen plaka eta izotz kandela bana. “Festak” aurrera jarraitzen zuen mistoko luze eder batekin, tarte alpino klasiko batekin eta amaitzeko izotzezko eskailera batzuekin».

Horiek guztiak dira, beraz, marra berriaren ezaugarri nagusiak. Jakina, pozteko moduko jarduera bat izan da: «Gauarekin batera tontorrera iritsi ginen. Pozarren geunden gure mendi ezezagun batean sortu dugun marra eder horretan abentura handia bizitzeagatik».

Emaitza 800 metroko marra erraldoi eta gogorra izan da: “Mehr denn je Hintersse” (M7+, WI6+).

Baina Poppeller eta Messinik Hochbirghohe mendiaren ipar-ekialdeko aurpegian beste xede bat zuten: izotzezko marra garbi-garbia sortzea. Eta abenduaren 23an aukera hori ondo baino hobeto aprobetxatu zuten.

Aurretik zabaldu zuten bidearen eskuinaldera, bi alpinistok 1.200 metro luze den “Pinzga stier” sortu zuten. Zailtasuna, berriz, samurragoa: WI5.